Elkartasun Eguna ospatuko dute larunbatean Azpeitian. Urtero bezala, egitarau oparoa prestatu dute presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko jairako. Goizez, kirolak izango dira protagonista; izan ere, krosa eta herri-kirolak egingo dituzte.
Krosean izena emateko aukera irekita dago, eta honako tokietara joan daitezke interesa dutenak: Orkatzera, Aradira, Aitzakira eta igerilekura, Azpeitian; eta Elkargunera, Azkoitian. Hamar euro balio ditu dortsalak, aurrez erosiz gero. Ostirala bitartean eros daitezke parte hartzeko dortsalak toki horietan.
Egunean bertan, hamabi euroko prezioa izango dute. 10:00etatik 11:00etara eros daitezke, Frontoi Txikin. Urteroko gisan, kamiseta emango diete korrikalariei.
Aurten ibilbide berria jarri dute, eta 4,5 kilometro izango ditu lasterketak. Frontoi Txikin hasiko da proba, eta Loiolabidera joango dira kirolariak, Ikasberri inguruko biribilguneraino. Handik, berriro Frontoi Txikira itzuliko dira, eta han bukatuko da korrika saioa.
Herri-kirolak eta bazkaria
Ondoren, herri-kirolen txanda izango da, Perez Arregi plazan. Erronka horretarako dagoeneko prest dituzte taldeak, eta 20 pertsonek parte hartuko dute lehian. Hura amaitu ostean egingo dute herri bazkaria, Frontoi Txikin. Otordurako txartelak salgai daude Orkatz eta Izaro tabernetan. Langileek hamabost euro ordaindu behar dituzte txartela erosteko; eta hamabi euro, berriz, langabeek. Manifestazioa 18:30ean hasiko da, Perez Arregi plazan.
Gaueko ekitaldiak ere Perez Arregi plazan izango dira, estreinakoz. 23:00etan emango zaie hasiera, eta The Friday's Crew eta Orrega 778 taldeek joko dute. Betsalde, datorren astean, Libre erronka jokatuko dute bailarako zenbait herritako taldeek.
Egitaraua
10:30. Elkartasun Krosa, Frontoi Txikitik abiatuta. Lasterketa ostean, hamaiketakoa jarriko dute denentzat, eta Izarraitz Pilotalekuan dutxatzeko aukera izango dute korrikalariek.
13:00. Herri-kirolak Perez Agirre plazan. Hamarna pertsonako bi talde egongo dira, eta kirol hauek jokatuko dituzte: aizkora, harri-jasotzen, trontza, lokotx-bilketa, ingudea eta sokatira. Ondoren, sopresak egon daitezke errebantxa jokatzeko.
14:30. Herri Bazkaria, Frontoi Txikin.
18:30. Manifestazioa Perez Arregi plazatik hasita, Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean.
23:00. Kontzertuak Perez Arregi plazan. The Friday’s Crew eta Orrega778.