Azpeitiko EH Bilduk "aldaketen garaia" dela aldarrikatu du hauteskunde atariko ekitaldian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 10a

  "Konturatu gara barakarrik amets egiteak ez gaituela inora eramaten. Denen artean ez bada, hau ez da ezer", esan zuen Eneko Etxeberria Azpeitiko alkategaiak koalizioaren hauteskunde atariko ekitaldi politikoan. Hori oinarri hartuta, dozenaka herritarren artean prestatu zuten saioa: musikariekin, dantzariekin, abeslariekin, olerkiekin eta abar. Frontoi Txikin egin zuten ekitaldia atzo, larunbata, eta jende ugari bildu zen. Azpeitiko hautagaiekin batera, han izan zen Garazi Mugertza Deba-Urola barrutiko zerrendaburua ere. Mugertzaren arabera, "herritarren erabakia" da "adaketan sakontzea edo atzera egitea": "EAJ prest dago talde espainolistekin batzeko, kosta ala kosta Aldundia lortzeko". Hori dela-eta, hark aldarrikatu zuen gazteak "erabakigarriak" izango direla datozen hauteskundeetan; eta kaleak bakarrik ez, erakundeak ere bere egin behar dituztela. Deba-Urolako zerrendaburua gazte mugimenduetako kidea da urteetan. Eneko Etxeberria EH Bilduko alkategaiak berriz "harrotasuna" hitza erabili zuen behin eta berriz. Harrotasuna eta esker ona adierazi zizkien koalizioaren alde egunero lanean ari diren horiei, eta "modu paketsuan" protesta egiten duten haienganako begirunea erakutsi zuen. Haien artean, joan den ostiralen Gasteizen atxilotu zuten azpeitiar gazteari. Etxeberriak esan zuen "ohorea" dela beretzat alkategai izatea, koalizio horretako zerrendaburu izatea. Herritarrei begira ere jarri zen: "Batik bat, zuekin egotea da ohorea, zuek zarete Azpeitiko onenak".

Udaletxetik udal izatera

Azken lau urteei begira, alkategaiak esan zuen "udaletxetik udal izatera pasatu" dela Azpeitiko erakundea: "Norbaitek esan zidan euskaraz udaletxea eraikin hutsa zela; eta udala, berriz, pertsonez osatutako lekua. Lortu dugu Azpeitikoa Udala izatea". Horretarako, esan zuen "oinarriak" jarrita daudela, eta "nahikoa" dela EAJk azken 30 urteetan izandako kudeaketa beraien azken lau urteekin alderatzea. "Epaileak herritarrak izango dira, baina guk bete dugu esandakoa", nabarmendu zuen, "EH Bilduren baloreen" unea iritsi dela adierazi zuen Etxeberriak, eta demokrazia lortzeko bidea egingo dutela ziurtatu zuen. "Politiko denak berdinak direla diote, baina guri konpromisoak egiten gaitu desberdin. Jendearen ondoan gaude gu", esan zuen alkategaiak. Beraz, "ausartak izateko" momentua dela nabarmendu zuen, "dena" dagoelako irabazteko: "Orain da, benetan, gure garaia, aldaketen garaia, EH Bilduri botoa emanda".

Herrigintza oinarri

Estitxu Elduaien koalizioaren zerrendako bigarren hautagaiak ere konpromisoa nabarmendu zuen bere jardunean: "Guk sinetsi egiten dugu honetan, ez gara politika zikindu duten horiek bezalakoak; gu herritarrak gara, eta herrigintza egingo dugu. Gero, herritarrei dagokie adjektiboak jartzea". Herritarrik gabe "zerrenda bat bakarrik" direla ziurtatu zuen Elduaienek; herritarrekin, berriz, "herria" zirela esan zuen. "Hori da gure eredua, herria zuekin egitea, denok piztu behar dugu ilusioa", adierazi zuen. Bestalde, gogoan izan zituzten joan diren lau urteetan taldean izandako zinegotziak, eta haiei omenaldia egiteko tartea hartu zuten. Eneko Etxeberria alkategaiak, banan-banan, eskerrak eman zizkien koalizioko kideei, eta aitorpen publikoa egin zien Frontoi Txikin. Ekitaldiari bukaera emateko, zerrendagaiek esan zuten hemendik aurrera guztiena dela lana, "jokoan dagoena Udala gobernatzea baino gehiago" delako. Horrenbestez, deia egin zuten datorren maiatzaren 22an, ostiralean, 19:45ean, Perez Arregi plazako argazki jendetsuan parte hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide