Azpeitiko EAJk "bizitzeko eta elkarbizitzeko" herria lortu nahi duela esan du programaren aurkezpenean

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 8a

Suspertze ekonomikoa, turismoa, hezkuntza, elkarbizitza, kohesio soziala edo errepide bidezko komunikazioak izan dituzte mintzagai, besteak beste.

Azpeitiko EAJk udal programa aurkeztu du. Atzo, osteguna, egin zuten ekitaldia, eta Aitor Gorrotxategi alkategaiari lagundu zioten zerrendakideek. Gorrotxategik ziurtatu du "herritarren eta eragileen ekarpenekin eta lehentasunekin" osatutako programa aurkeztu dutela. Hamar puntu nagusitan banatu du lan-zerrenda hori. Beraien proposamenaren ardatz nagusia ekonomiaren suspertzea da. Horretarako, zenbait neurri proposatu dituzte. Bestak beste, Corrugados enpresa izan dute mintzagai: "Inbertsore berrien bila aterako gara, Corrugados berriro abian jartzeko edo beste intenbideren bat emateko”. Horrekin batera, EAJk helburu izango ditu Azpeitira "inbertsore berriak erakartzea", aholkularitzarako "Ekonomia Mahaia sortzea" edo lanbide heziketako pretakuntza "Azpeitiko industriaren beharrei egokitzea". Heziketarekin lotuta, Loiola heziketa-gune bihurtzen ere saiatuko direla esan zuen Gorrotxategik. Bestalde, turismoa indartzen jarriko dituzte indarrak, eta Loiolako Santutegia Madalenako Opitalearekin elkartzen saiatuko dira, "herriko gune historikoen eraztuna" osatzeko. Garraioei dagokienez, Bilborekin eta Gasteizekin komunikazioa hobetzeko bideak aztertu nahi dituzte. Horrez gain, Azpeitiko erdigunean lurpeko aparkalekuak jartzen saiatuko dira, eta "etxebizitza sozial berrien" gaiari helduko diote, Azpeitiko gazteak "herrian bizitzeko aukera" izan dezaten.

Elkarbizitzeko Azpeitia

Elkarbizitzeko Azpeitia baten alde egin zuen Nerea Etxeberria EAJko zerrendako bigarren kideak. "Elkarbizitza eredua berria" izan du hark mintzagai, "politizaziorik gabea". Izan ere, Etxeberriak uste du, gaur egun, "gehiegizko politizazioa" pairatzen duela herriak. Horrekin batera, “elkarrengana hurbiltzearen eta akordio politikoak lortzearen kultura bultzatzea” izango dute xede eta "aniztasunaren, tolerantziaren eta askatasunaren aitorpenean oinarritutako kohesio soziala" bermatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide