Aratzerrekako jaiak bihar hasiko dira, txupinazoarekin

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 8a, 10:30

Txibilter eta Haritz trikitilariak, Aratzerrekako festa alaitzen (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Goizeko txupinazoarekin hasiko dira bihar Aratzerrerako San Isidro jaiak. San Isidro eguna maiatzaren 15ean denez, bi asteburutarako antolatu dute auzokoek egitaraua. Asteburu honetakoari begira, 9:00etako txupinazoaren ondoren, mendi ibilaldia egingo dute. Izazpi, Pagotxeta eta Samiño zeharkatu, eta haragi egosia eta salda egongo dira bueltan. 17:00etan emakumeen pala txapelketako partidak jokatuko dituzte, eta poteoa egingo dute auzoan 19:30ean. Iluntzean, afaria egingo dute, eta Hitzeder eta Lidia trikitilariek jarriko dute musika. Goizaldean, baratzuri-zopa jango dute.

San Isidro eguna

Ostiralean izango da San Isidro eguna, eta itxaferoen zaratarekin esnatuko da Aratzerreka egun horretan. 9:00etarako jai-giroa jarriko dute, eta festa hasiko da. 12:00etan meza nagusia egongo da, eta 14:30ean egingo dute herri bazkaria. Bazkalostean, Aritz eta Asier trikitilariek jarriko dute martxa auzoan. Arratsaldez, triki-poteoa egingo dute gosea hasi bitartean, eta 21:00etan izango da herri-afaria, Josu Oiartzabal, Ander Urbieta eta Iñigo Ibañez bertsolariekin. Iñigo eta Ainara trikitilariek lagunduko diete haiei. Gauean, urtero bezala, lehiaketa egingo dute: hiru arrautza egosi nork lehenago jan. Gaupasa egiten dutenentzat, baratzuri-zopa egongo da goizaldera, 3:30etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide