Bilbao Mendi Film jaialdiko pelikulak jarriko dituzte Azpeitiko Mendi Astean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 7a

Mendi Astea ospatuko dute Azpeitian, maiatzaren 24tik 31ra bitartean. Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalada elkarteak, Ta3 zine klubak eta Sanagustin kulturguneak antolatu dute egitasmoa, Udalaren laguntzarekin. Aurtengoan, zenbait berezitasun izango ditu mendi asteak; izan ere, Bilbao Mendi Film jaialdiko pelikula onenak jarriko dituzte Soreasun. "Beti saiatu izan gara zine inguruko kalitatezko proiekzioak herrira ekartzen, eta orain dela hiru urte lortu genuen Pura Vida Soreasun jartzea, baina horri jarraipena ematea kostatu zaigu", azaldu du Aitor Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakariak. Aurtengoan lortu dute aukera zabala eskaintzea azpeitiarrei. Kepa Urbieta Sanagustin kulturguneko ordezkariak proiektatuko dituzten filmen eta laburmetraien kalitatea nabarmendu du, eta esan du bailaran halako pelikulak ikusteko aukera dagoen "lehen aldia" dela.

Txalintxorekin hasiera

Hala ere, Txalintxora egingo duten irteerarekin hasiko da Mendi Astea herrian. Haurrentzat prestatutako txangoa da hori, eta hilaren 24an, igandez, irtengo dira, 9:00etan plazatik. Maiatzaren 26an eta 28an jarriko dituzte pelikulak. Maiatzaren 26an, asteartean, Valley Upriding eta Afterglow filmak emango dituzte. Valley Uprising filma da, ziur aski, Mendi Asteko erakargarrienetakoa, Bilboko jaialdian Urrezko Eguzkilorea eta Publikoaren saria eskuratu zituen hark, eta mundu osoan ari da sariak jasotzen. AEBtako Yosemite bailarako eskaladaren historia errepasatzen du filmak, modu argian. Haren ostean, Afterglow laburmetraia eskainiko dute, eskiari buruzkoa. Maiatzaren 28ko txandan, lau film motz jarriko dituzte; haien artean, Sati, mendi film onenaren saria eskuratu duena, eta Duct Tape Surf, laburmetraia onenaren saria lortu duena. Pelikulak jatorrizko bertsioan jarriko dituzte, eta euskaraz azpidatzita egongo dira. Gutxi gorabehera, ordu eta hiru laurden iraungo du saio bakoitzak, eta bost euroko prezioa izango dute bi txandek. Nahi dutenek bonoa eskuratzeko aukera izango dute Lagun Onak Mendi Bazkunan edo Sanagustin kulturgunean, zortzi euroren truke. Internet bidez ere eros daitezke sarrerak eta bonoak, Sanagustinen webgunean. Mendi asteari amaiera borobila emateko, urtero legez, Xoxoteko eguna ospatuko dute maiatzeko azken igandean; hilaren 31n, hain zuzen. Hara joateko ere, 9:00etan jarri dute hitzordua, herriko plazan. Han erromeria egongo da egun osoz.

Egitarau osoa

Maiatzak 24, igandea 9:00: Txalintxora irteera Maiatzak 26, asteartea 21:00: Valley Upriding eta Afterglow filmen emanaldia, Soreasun. Maiatzak 28, osteguna 21:00: Lau film labur: Duct Tape Surf eta Sati, haien artean. Maiatzak 31, igandea 9:00: Xoxoteko eguna. Erromeria egun osoan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide