Ekainaren 12tik 14ra eta 20tik 21era jokatuko dituzte futboleko txapelketak. Kimu mutilek eta infantil neskek hartuko dute parte lehian, eta talde berriak aurkeztu dira.
Azpeitia Cup 2015 Adiskidetasunaren Futbol Txapelketa aurkeztu berri dute. Ekainaren 12tik 14ra bitartean jokatuko da kimu mutilen Azpeitia Cup, Garmendipeko futbol zelaietan. Astebete geroago, berriz, ekainaren 20an eta 21ean, Infantil Nesken II. Txapelketa jokatuko dute.Ostegunean aurkeztu zituzten bi txapelketak Azpeitia Cup egitasmoko antolatzaileek. Futbol txapelketa egiten lagundu duten erakunde, enpresa eta eragileak eskertu zituen Mikel Rodriguez elkarteko presidenteak. Harekin batera, Txetxu Urbietak gidatutako aurkezpen ekitaldian honakoak ere egon ziren: Javier Azpiazu (Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkaria), Ager Lasurtegi (Diario Vasco egunkarikoa), Leire Etxaniz (Azpeitiko Udaleko zinegotzia), Maje Agirre (Iraurgi Ikastetxeko zuzendaria) eta Maite Lazkano (Azpeitiko eta Zarauzko Halcon Bidaiak agentzietako zuzendaria).
Azpeitia Cupek ekainean antolatuko dituen bi txapelketek «oinarriko futbola» dute lehiaren ardatz; horrez gain, txapelketaren «kalitatea» nabarmendu zuen Rodriguezek: «Bederatzigarren urtez jokatuko da kimuen mailako futbol lehiaketa, eta bertan parte hartu duten talde askok txapelketaren kalitatea eta tratu pertsonala azpimarratu dute. Horregatik, pozik eta harro gaude». Horren bila joan gabe, «Espainiako estatuko txapelketa onena» antolatzea lortu dutela esan zuen.
Azpeitia Cup irabazi asmorik gabeko taldea da, eta boluntarioen lanari esker ateratzen dute proiektua aurrera: «Zailtasun ekonomikoak tarteko, txapelketaren maila mantentzeko lan asko egin beharra izaten dugu. Maila gorena mantentzen saiatu arren, hainbat murrizketa egin behar izan ditugu», azaldu zuten.
Kimuen 24 talde
Kimuen Azpeitia Cup-en murrizketak egin arren, aurten aurrenekoz etorriko diren taldeak ere badaude: besteak beste, Reala eta Eibar. Denera 24 taldek hartuko dute parte: A multzoan Real Madrid, Malaga, Eibar, Anaitasuna, Quintana eta Arenas; B multzoan Atletico Madrid, Valencia, Deportivo, Alaves, Lagun Onak eta Abadiño; C taldean Bartzelona, Celta, Sevilla, Gazte Berriak, Barakaldo eta Torrelavega; eta, D taldean, Espanyol, Reala, Vilarreal, Azpeitia Cup, Aurrera Ondarroa eta Athletic.
Infantil nesken txapelketa ere ekainean jokatuko dute, ekainaren 20an eta 21ean. Iaz antolatu zuten aurrenekoz, eta orduan izandako arrakasta ikusita, berriro antolatu dute. Iaz baino zortzi talde gehiago izango dira oraingoan, denera 30 talde: Amaikak Bat, Anaitasuna, Athletic, Aurrera Ondarroa, Aurrera Vitoria, Baskonia, Bergara, Berriotxoa, Betiko Neskak, Elorrio, Ezkurdi, Gazte Berriak, Goierri, Intxaurdi, Itugarpe, Lagun Onak, Oiartzun, Ordizia, Pauldarrak A, Pauldarrak B, Rayo Vallecano, Reala, Reocin, Tolosa A, Tolosa B, Touring, Urola, Zarautz A, Zarautz B eta Zumaiako.
Urtez urte Azpeitia Cup lehiaketa eta ekintza berriak antolatzen ari da. Aurten, apirilean, kimu nesken mailako txapelketa antolatu zuten. Bestalde, urtarrilaren hasieran antolatutako 3?3 Futbol Festa ere ekarri dute gogora. 5 eta 11 urte arteko haurrentzako kirol festan 500 haur inguruk hartu zuten parte. Hurrengo urteko egitasmoa ere prestatzen ari dira jada Azpeitia Cup-eko antolatzaile eta boluntarioak.