Azpeitiko Hamaikabatek boto askatasuna eman die taldekoei udal bozetarako

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko maiatzaren 1a

Talde politikoa ez da aurkeztuko foru eta udal bozetara, eta hausnarketarako unea irekiko dute udan H1-en. Bakarrik egon da Aranguren agintaldian, eta urte «luzeak» izan dira harentzat.Udal hauteskundeetako mapan aurreko agintaldiko talde politiko ba...

Talde politikoa ez da aurkeztuko foru eta udal bozetara, eta hausnarketarako unea irekiko dute udan H1-en. Bakarrik egon da Aranguren agintaldian, eta urte «luzeak» izan dira harentzat.

Udal hauteskundeetako mapan aurreko agintaldiko talde politiko bat faltako da, gutxienez, Azpeitian. Izan ere, Hamaikabat alderdia ez da bozetara aurkeztu. Ez da aurkeztu taldea bera, eta kideek ere ez dute parte hartuko beste zerrenda batzuetan. Aitor Aranguren Azpeitiko Udaleko zinegotziak esan duenez, «boto askatasuna» emango die Azpeitiko Hamaikabat-ek beraien taldekideei.

Martxoaren 28an egin zuen talde politikoak batzar nazionala, Donostian, eta han erabaki zuten foru hauteskundeetan EAJ babestea. Taldekideen %75 inguruk egin zuen bat erabakiareki horrekin.

Udal hauteskundeei dagokienez, erabaki zuten herri bakoitzak aukera zezakeela zer bide jarraitu, eta horrela egin dute. Udalerri batzuetan, EAJko zerrendetan aurkeztu dira H1! taldeko kideak; eta beste batzuetan, Azpeitian bezala, hauteskundeetan parte ez hartzea erabaki dute. Hori dela-eta, Hamaikabatek ez du egingo talde politiko baten edo bestearen alde; ez, behintzat, Azpeitian. Urola Kostan Aranguren da 2011n zinegotzi aulkia lortu zuen ordezkari bakarra. Zarautzen ere aurkeztu ziren, baina ez zuten ordezkaririk lortu.

Aranguren Hamaikabateko zinegotzi bakarra izan da lau urtez Azpeitiko Udalean, Bilduko eta EAJko beste 16 kiderekin batera. Hori dela-eta, Hamaikabateko ordezkariak azaldu du «urte luzeak» eta «lan bakartia» suertatu zaiola berari. «Bakarrik sentitu naiz, eta gehiengo absolutuaren aurrean ez dut aukera handirik izan ekarpenak egiteko», azaldu du hark.

Bigarren urtean sentitu zuen nolabaiteko «hurbiltasuna» Bilduren aldetik, baina gainontzekoetan «baztertuta» egon dela esan du. Hirugarren urtean, batik bat, aurrekontuak onartzerakoan sentitu zen «engainatuta».

«Alderdikerietatik at, nik herritarrentzat onena dena egin izan dut beti, ahal izan dudana egin dut. Bakarrik nago, eta batzar guztietara joaten saiatu naizen arren, lantegi handia izan da», esan du.

Bipartidismoa Azpeitian

Hamaikabatek eta Arangurenek erabaki dute ez direla aurkeztuko udal hauteskundeetara, baina uneotako egoera politikoa «pobrea» iruditzen zaio: «Uneotan, bipartidismoa da nagusi Azpeitian, eta sinplifikazio hori ez da ona». Izan ere, hark pentsatzen du EH Bilduren eta EAJren tartean badirela «pentsakera eta adar gehiago».

Hamaikabat taldeari dagokionez, berriz, udan izango dute «hausnarketarako unea», aurrera begira zer egin erabakitzeko. Oraingoz, talde politiko bezala jarraitzen du; nahiz eta hauteskundeetara ez aurkeztu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide