Gehiengo absolutua izan duzue Udalean, zer apustu duzue hauteskundetarako?
Gure zerrenda eta programa proposatu ditugu, eta herritarren esku dago orain guztia. Apustua ez da gurea, herriarena baizik. Ez dugu nahi ezer aurreikusi. Herritarrekin eta eragileekin osatu dugu programa, erronka sakonei garrantzia emanez, eta une honetan hori da gure apustua.
EH Bildurentzat zein izango dira lehentasunak hurrengo lau urteetan?
Gure lehentasunak herritarren lehentasunak dira. Azpeitiko 2025 plan estrategikoan guztiz markatuta gelditu ziren, herritarrek, eragileek, udal-langileek eta beste talde politikoek parte hartu baitute. Lehen lehentasuna enplegua sortzea da. Une honetan, 1.007 langabetu daude Azpeitian, %13,7koa da tasa. Jaitsi egin da 2011tik, eta horretan jarraitzea da gure erronka. Horretarako bitarteko guztiak aktibatuko ditugu. Bestalde, guretzat garrantzitsua da sortzen ditugun lanpostuak duinak izatea. Izan ere, hori neurtzeko baliabide asko ez ditugu; eta, gaur egun, hori da gure kezka. Hala ere, badakigu sortzen ari diren lanpostuen kalitatea eskasten ari dela. Horri buelta eman behar zaio. Azpeitiak duin bizitzeko toki bat izan behar du, behar sozialak ase behar ditugu: laguntzekin, hezkuntza finantzatzeko bideekin, osasun zerbitzuekin...
Gure apustua, ordea, lehentasunak ikuspuntu oso batetik lantzea da, hau da, modu integral batean. Guk ez ditugu lehentasunak zatika-zatika puzzle bat bezala lantzen. Esate baterako, turismoa lantzean, ondarea, aktibazio ekonomikoa, kultura, hizkuntza, sortzailetasuna... lantzen ditugu. Lana horrela egin behar da, sinplekerietan erori gabe. Kirola lantzen duzunean ere, enplegua sor dezakezu, parekidetasuna edo hizkuntza sustatzeko aukera ematen dizu; kirol frogen bidez, turismoa ere landu dezakezu. Garapena ez da enpresa sortze soilik, esandako guztia da garapena. Beraz, plan estrategikoaren arabera, badakigu zein diren kezka nagusiak.
Corrugados itxi zenean lanpostu asko suntsitu ziren. Udalak jarraitzen du haiekin lanean?
Gure eskumenak alor horretan oso txikiak dira, baina ezin dugu beste aldera begiratu. Hasieratik parte hartu dugu prozesuan, beste enpresa batzuetan egin dugun bezala. Baliabideak eta kontaktuak eskaini dizkiegu langileei, eta saiatu gara sortu diren aukerei heltzen, enpresa berriro martxan jarri, eta lanpostu horiek berreskuratzeko. Gaur egun, jarraitzen dugu saiatzen horri ebazpen bat emateko. Azken aldian kontaktu handirik izan ez badugu ere, Jaurlaritzarekin ere harremanetan gaude gu. Langile ohien ordezkaritza sindikalarekin egon gara harremanetan, eta zerbait sortu edo egin denean haiei komunikatu diegu. Gehien bat, ELA eta LAB sindikatuekin izan dugu harremana, haiek izan direlako prozesua antolatutako modu batean jarraitu dutenak.
Azken lau urteetan udal gobernuak eginiko proposamenekin ados egon da, hein handi batean, EAJ. Zer irakurketa egiten duzu, herrigintzarako ikuspegi antzekoa izan dezakezue?
Guk gehiengo absolutua izan dugu; eta, berez, ez genuen adostasunik behar erabakiak hartzeko. Hala ere, adostasunak lortzen saiatu gara. Uste dugulako arlo sakonetan zenbat eta adostasun gehiago erdietsi, orduan eta hobe dela herritarrentzat. Beraz, saiatu gara adostasunak lortzen, baina inolaz ere uko egin gabe gure programari eta oinarriei. Programari uko egiten ez zaion bitartean, uste dut hori meritua dela. 2011ko programari begiratzen badiogu, guk ez diegu gure helburuei uko egin azken lau urteetan.
Kanpotik begiratuta, pentsa daiteke hondakinen gaian ez dela ezer egin. Hala ere, sinatu zenuten hitzarmen bat %70eko birziklatze tasara iristeko.
Gauzak pazientziarekin hartu behar dira. Batetik, adostu genuen %70era iritsi behar genuela; eta, bestetik, Gipuzkoako erakundeei exijitu behar zitzaiela Lapatx ixtea, baina errauskailurik egin gabe. Birziklatze tasa hazten joateko ari gara pausoak ematen. Uste dut ez duela horrelako garrantzia gauzak presaka egitea; hobe da herritarrekin batera egitea prozesua, arazo sozialik gabe. Horretarako, kontzientziarekin eta pazientziarekin ari gara lanean. Guk gin dugu proposamen konkretu bat dagoeneko, edukiontzietan oinarritutako sistemarena. Une honetan, sistema hori egokitzen ari gara. Denok jokatu behar dugu arduraz orain; izan ere, gai hau gerra bat bihurtu da. Azpeitiak aukera izango du modu lasaian %70era iristeko. Kontzientziari dagokionez, hezkuntzan asko ari dira lantzen ingurumenaren ieta hondakinen inguruko jarrerak, honetan eredu dira herriko gaztetxoak. Hondakinak guk sortzen ditugu, beraz, gu gara horren arduradun: arazoa eta ebazpena, biak, gu gara.
Azken agintaldian EAJk salatu du Soreasu baztertuta egon dela. Zer proposamen duzue hurrengo lau urteetarako?
Soreasu eta Sanagustin, bi proiektu, bi buelta. Bat makroproiektu bat herrian ezkutatuta; eta, bestea, herrian dugun eta herritarrek kudeatzen duten proiektua. Soreasu hutsa dago, bukatu gabe, eta Udalak kalkulatu du hori bukatzea bost edo sei milioi kostatuko dela. Dirua zegoela esaten digute. Garai hartan dirua bazegoen ere, bazen zertan inbertitu. Udal gobernu honek jasan eta tragatu du arazo hori. Hala ere, zinea jarri dugu martxan; gainera, Kultur Mahaiak kudeatzen du, eta ondo doa. Bestetik, parkina ere erabiltzen da, herritarrei erraztasunak emanda. Ari gara dagoeneko lekua aktibatzen: abesbatza eta banda prest daude Soreasura joateko, eta proiektu sozial bati ere lekua egin diogu, Elkar-ekini. Horrez gain, Soreasu auzoa ere kontuan izan dugu, ingurua txukundu dugu.
Hemendik aurrera, Kultur Mahaiarekin batera osatuko dugu proiektua, pixkanaka. Eztabaidatu egin beharko dugu kostuez, lana egiteko moduaz eta abar. Gure apustua da Soreasu kultur sortzaileen gunea izatea, etorkizunera begira. Hala ere, hori, derrigorrez, Kultur Mahaiarekin batera egin behar dugu, bestela alferrik ari gara.
Garrantzia berezia eman diozue memoria historikoari.
Orain arte, isilatsun aro bat egon da hemen; izan ere, esate baterako, 1936ko gerraz ez da ezer jaso Azpeitian, eta horrek asko harritzen nau. Egin beharreko ariketa zen. Gertatu zen guztia, sufrimentu guztia, egin beharra zuen Udalak. Aitormena eta justizia defenditzen ditugu guk. Arlo horretan ez da ezer egin orain arte, lehen plaka guk jarri dugu. Hildakoak hor daude, kartzelan egon direnak eta torturatutakoak ere bai, zer justizia izan dute haiek? Konprometitzen gara dagoeneko martxan den ildo hori jarraitzera. Azpeitiko elkarbizitzak ere kezkatzen gaitu, eta guk baliabide guztiak eskainiko ditugu arlo horretan ere aurrera egiteko.
Bailako udalerrien arteko elkarlana ere oinarri izan duzue, ezta?
Arazo ekonomikoei eusterakoan, ikusi genuen bailarako herriek dituzten arazoak oso antzekoak direla. Hori dela-eta, helburu berarekin aktibatu ditugu gure tresna guztiak. Diagnostikoa egin dugu, ondorioak atera eta neurriak hartu ditugu. Horretan oinarrituta, Urola Erdian enpleguaren plan estrategikoa egin den lehen aldia izan da. Industria indartzea da gure estrategia, besteak ahaztu gabe. Hala ere, beste sektore batzuk ere identifikatu ditugu: hirugarren adinarena eta teknologia berriena, esate baterako. Bailara bezala aukera sendoak ditugu.
Zertan desberdintzen dira Azpeitiko EH Bildu eta Azpeitiko EAJ?
Desberdintasun nabarmenak ditugu. Batetik, eduki aldetik: eskubide sozialen inguruko planteamenduak egiten ditugu guk. Guretzat garapena, esate baterako, kontzeptu integrala da, ez da enpresetara soilik mugatzen. Guk ulertzen dugu garapenak herritarrekin, eragileekin, hezkuntzarekin, ingurumenarekin... lotuta egon behar duela, benetako garapena izateko. Horrez gain, gure planteamendua guztiz demokratikoa da, eta erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu argi eta garbi. Arlo ekonomikoan ere sinisten dugu hemen hartu behar ditugula gure erabakiak, ez Europan edo beste edonon.
Bestalde, lana egiteko modua ere guztiz desberdina da. Orain, gure lana egiteko erara gerturatzeko saiakera egiten ari dira haiek, eta ondo iruditzen zait, baina bakoitzak bere historia du, eta badakigu nondik gatozen. Adibide batzuk jartzearren, Azpeitiko udalak 3.000 eurotik gorako faktura guztiak eta langile guztien soldatak publikatzen ditu. Hemen ez zegoen arloetako mahairik, auzo alkaterik, bilera parte-hartzaileerik...
Udalean sartzean, 9.817.025 euroko zorra zuen erakundeak, eta 4.705.142 eurora jaitsi dugu zifra lau urtean. Elkarlanean eta estrategian oinarrituta gobernatzen dugu guk. Guk ez dugu epe motzean pentsatzen, guk epe luzera erantzun nahi diegu herritarrei. Hori da gure eskaintza.