«Gizartea aldatu egin da, eta gu ere bai»

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko apirilaren 30a

Ekonomialaria da Gorrotxategi (Azpeitia, 1975) ikasketaz, eta Bankoa-n egiten du lan. «Politikan ikusi, eta gustatu ez zaizkidan gauzak ez errepikatzea» da haren helburu pertsonaletako bat.Une honetan Bilduko 11 zinegotzi, EAJko bost eta Hamaika Bate...

Ekonomialaria da Gorrotxategi (Azpeitia, 1975) ikasketaz, eta Bankoa-n egiten du lan. «Politikan ikusi, eta gustatu ez zaizkidan gauzak ez errepikatzea» da haren helburu pertsonaletako bat.

Une honetan Bilduko 11 zinegotzi, EAJko bost eta Hamaika Bateko bat zaudete Azpeitiko Udalean. Zein da zuen helburua maiatzeko hauteskundeetarako?

Azpeitiko egoera bipartidista da, EAJ eta EH Bilduren artean dago lehia. Irabaztea nahiko nuke; eta, une honetan, oso berdinduta ikusten dut egoera. Hankak lurrean ditut, eta maiatzaren 24an hauteskundeak galduz gero, lanera itzuliko naiz. Ilusioa daukadalako eta alkate lanak egiteko gai ikusten naizelako aurkeztu naiz. Hala ere, taldean oinarrituko da nire lana, eta ni entrenatzailea izango naiz: denok pasatu behar dugu ni esatetik gu esatera.

Taldea aipatu duzu. Nola definitzen duzu zuen hautagaitza?

Hiru ezaugarriri eman diet garrantzia: gaztetasunari, esperientziari eta freskotasunari. Parekidetasuna eta euskaraz jakitea ere, zalantzarik gabe, ezin- besteko giltza izan dira. Taldea osatzerakoan herritar asko ezagutu ditut, eta batzuek, nahiz eta zerrendan azaltzeko pausoa ez eman, konpromisoa erakutsi dute laguntzeko. Ikusten ez den lan asko dago atzetik. Azpeitiaren alde lan ona egingo duen zerrenda osatu dugu; badakigu dena dela politika, baina nik nahiago dut herrigintza erabiltzea, politikan ehuneko ehun zentratutako lan egiteko modua ez baitzait gustatzen udalentzat.

Zuentzat zein izango da lehentasuna hurrengo lau urteetan?

Bizitzeko eta elkarbizitzeko moduko Azpeitia nahi dut; eta, horretarako, beharrezkoak dira berreskurapen ekonomikoa eta kohesio soziala. Arraza, hizkuntza eta kolore desberdinetakoak bizi gara, eta etorkinen seme-alabak azpeitiarrak izango dira hemendik 20 urtera. Errazena da esatea datorren pertsonaren esku dagoela integratzea, baina guk ere baliabideak jarri behar ditugu horretarako. Berreskurapen ekonomikoari dagokionez, denok dakigu Corrugados hor gelditu zaigula, eta horrekin ere zerbait egin beharra dago. Corrugados bezala, beste enpresa asko itxi dira: dugun huts hori bete dezagun lehendabizi; eta, gero, izango dugu berriak sortzeko aukera.

Zer neurri zehatz dituzu buruan?

Arlo ekonomikoan, adibidez, mahai bat osatu nahi dut: herriko agenteekin, adituekin, unibertsitateekin... Kohesio sozialaren kasuan, zail egiten zait neurri zehatza ezartzea, taldeekin eta eragileekin eseri beharko dugu mahaian. Hirigintzari dagokionez ere, gero eta etxe gehiago ari zaizkigu hutsak gelditzen, erabaki beharko dugu horiei etekina nola atera.

Azken lau urteei begira, badirudi oposizio otzana egin duzuela. Bilduk gehiengo absolutua izan duelako da, edo, nolabait, neurri gehientsuenetan haiekin ados egon zaretelako?

Nik bi zatitan banatuko nuke agintaldia. Lehen bi urtean harreman txarra izan genuen, eta beraien jarrera ere txarra izan zen. Uste dut EAEko hauteskundeen ostean aldatu zela egoera; EH Bilduren eta EAJren botoen aldea gutxitu egin zen, eta horrek pisua izan zuen. Hortik aurrera, ikusi nuen gure proposamenak kontuan hartzen hasi zirela. Azken bi urtean, ados egon gara neurri askotan, zenbait gaitan beraien eta gure helburuak berdinak direlako. Lana egiteko eran ditugu desberdintasun nagusiak, beraiei handiegi egin zaielako udalaren kudeaketa edo gu gaudelako beste era batera ohituta, hor oreka bat aurkitu behar da. Hala ere, ezin dute esan ez dietela herritarrei kasu egingo norbere lanorduak bukatzean. Kargu publikoek, onerako edo txarrerako, malguak izan behar dute, eta badakigu horrelakoak gertatu direla.

Parte hartzeaz asko hitz egin duzue azkenaldian. Herritarren parte hartze araudia bozkatu zenutenean, ordea, abstenitu egin zineten.

Bai, gauza batzuekin ez geunden ados. Adibidez, ez genuen argi ikusten 16 urtekoei botoa emateko aukerarena. Ez da hori bakarrik, hausnarketa pixka bat gehiago behar du honek. Bestalde, ordenantzen kontua ez zaigu guri gehiegi gustatzen, oso zailak baitira praktikan jartzeko. Parte hartzea gauza ona da, baina denok egin behar dugu gure ekarpena.

EAJ hasi da eragileekin eta herritarrekin hitz egiten; orain arte, hori ez zen zuen lana egiteko modua, ezta?

Bai, orain arte agintean egon gara, eta erraza da postura erosoa hartzea. Askotan ahaztu egiten zaigu besteek ere ekarpenak egin ditzaketela; eta, borondate onenaz bada ere, geurea soilik ikusteko joera dugu. Gizartea aldatu egin da, eta gu ere bai. Aldaketa horren zati izan da EAJ ere.

Soreasu hor daukagu. Zuek diozue Bilduk baztertu egin duela, baina haiek diote zorra ordaintzen nahikoa lan dutela.

Egoera ekonomikoa ona zen momentu batean hartu zen Soreasu egiteko erabakia. Beti iruditu izan zait Azpeitian oso inbertsio onak egin direla, baina kulturako azpiegituretan ez dela asko egin. Zorionez, bi eraikuntza batera etorri zaizkigu: Sanagustin eta Soreasu. Egia da Sanagustin ez balitz egon, ziurrenik, Soreasuk beste indar bat hartzeko aukera izango lukeela. Eraikuntza hori hor dago, egina dago, eta bada garaia errealitate horri heltzeko. Niri ez dit balio gaia aztertu gabe esateak asko kostatzen dela. Plan bat egin behar dugu, eta horri zenbakiak eta epeak jarri behar dizkiogu.

Zer funtzio emango zenioke Kultur Mahaiari?

Guk garbi dugu politikariok ez garela inor Kultur Mahaiak aho batez onartutako proposamenak atzera botatzeko. Hala ere, jasotzen duten aurrekontua denon dirua da. Beraien lana da 22 taldeak kudeatzea eta haiekin sintonia ona izatea. Udalak badu kultur departamentua.

Hondakinei dagokienez, hitzarmena sinatu zenuten birziklatze tasa %70ra iritsi zedin. Zer gertatu da, eta zertarako zaudete prest?

Edukiontzi sistema baten aldeko apustua egin genuen Azpeitian, aho batez onartuta. Guk eskatu genuen gauza bakarra zen atez atekoa ez jartzea. Hala ere, nik azkena izan dudan berria aurrekontuen inguruko txosten bat izan da. Nola jasoko dugun ere ez dago argi, eta hor akatsa egin dugu. Erabaki ona hartu genuen, baina bigarren zatia falta da. Gu sistema integral baten alde gaude, eta sistema horrek errauste planta eskatzen badu, alde egingo dugu. Ez dit balio prozesua erdizka egiteak, hasitako lana bukatu behar da, hondakinak hartzen dituzunetik desagertzen direnera arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide