Gizartea «auzolanetik indibidualismora» pasatu dela uste du Azpeitiko alkateak (Azpeitia, 1971), eta «elkarlanaren balioak sendotu» nahi ditu. Abokatua eta irakaslea da ofizioz.
Agintea hartzean, esan zenuen zuek ez zinetela politikariak, lau urte egiteko sartu zinetela udalean. Erabakiz aldatu duzu.Orain dela lau urte egoera eta baldintza zehatz batzuetan aurkeztu ginen. Momentu hartan ez nuen buruan agintaldi bat baino gehiago egiterik, hala da. Gure inguruak, oinarriek, eskatu digute lan honetan jarraitzeko. Ezinezkoa da konpromiso horri uko egitea; gure herria eta historia delako, eta ezin diogulako herritarrei bizkarra eman. Hala ere, berdin pentsatzen dugu: herritarrak gara politika egiten.
Gehiengo absolutua izan duzue udalean. Zer apustu egin duzue hauteskunde hauetarako?
Zerrenda eta programa bat proposatu ditugu, eta herritarren esku dago orain guztia. Herritarrekin eta eragileekin osatu dugu programa, erronka sakonei garrantzia emanez, eta uneotan hori da gure apustua.
EH Bildurentzat zein izango dira lehentasunak hurrengo lau urteetan?
Gure lehentasunak herritarren lehentasunak dira. Azpeitiko 2025 plan estrategikoan zehaztuta daude. Lehen xedea enplegua sortzea da. Une honetan, 1.007 langabetu daude Azpeitian, %13,7koa da tasa. Jaitsi egin da 2011tik, eta horretan jarraitzea da erronka. Bestalde, guretzat garrantzitsua da sortzen ditugun lanpostuak duinak izatea. Izan ere, hori neurtzeko baliabide asko ez ditugu; eta, gaur egun, hori da kezka. Azpeitiak duin bizitzeko tokia izan behar du, behar sozialak ase behar ditugu: laguntzekin, hezkuntza finantzatzeko bideekin, osasun zerbi- tzuekin... Gure apustua, ordea, lehentasunak ikuspuntu oso batetik lantzea da, hau da, modu integral batean lan egitea. Ez ditugu gaiak zatika-zatika puzzle bat bezala lantzen. Adibidez, turismoa lantzean, ondarea, aktibazio ekonomikoa, kultura, hizkuntza, sortzailetasuna... hartzen ditugu kontuan.
Corrugados itxi zenean lanpostu asko suntsitu ziren. Zer egin du udalak?
Gure eskumenak alor horretan mugatuak dira, baina ezin dugu beste aldera begiratu. Hasieratik parte hartu dugu prozesuan, beste enpresa batzuetan egin dugun bezala. Gure baliabideak eta kontaktuak eskaini dizkiegu langileei, eta saiatu gara sortu diren aukerei heltzen, lanpostu horiek berreskuratzeko. Azkenaldian kontaktu handirik izan ez badugu ere, Jaurlaritzarekin ere harremanetan gaude. Bestalde, langile ohien ordezkaritza sindikalarekin egon gara.
Azken lau urteetan udal gobernuak eginiko proposamenekin ados egon da, hein handi batean, EAJ. Zer irakurketa egiten duzu; herrigintzarako ikuspegi antzekoa izan dezakezue?
Guk gehiengo absolutua izan dugu; eta, berez, ez genuen adostasunik behar erabakiak hartzeko. Hala ere, adostasunak lortzen saiatu gara. Uste dugulako arlo sakonetan zenbat eta adostasun gehiago erdietsi, orduan eta hobe dela herritarrentzat. Programari uko egiten ez zaion bitartean, hori meritua da guretzat. 2011ko programari begiratzen badiogu, ez diegu gure helburuei uko egin.
Kanpotik begiratuta, pentsa daiteke hondakinen gaian ez dela ezer egin. Udalean sinatu zenuten hitzarmen bat %70eko birziklatze tasara iristeko.
Gauzak pazientziarekin hartu behar dira. Batetik, adostu genuen %70era iritsi behar genuela; eta, bestetik, Gipuzkoako erakundeei exijitu behar zitzaiela Lapatx ixtea, baina erraiste plantarik egin gabe. Birziklatze tasa hazten joateko ari gara pausoak ematen. Uste dut ez duela horrelako garrantziarik gauzak presaka egiteak; hobe da herritarrekin batera egitea prozesua, arazo sozialik gabe. Guk egin dugu proposamen konkretu bat dagoeneko, edukiontzietan oinarritutakoa. Txiparekin funtzionatuko du errefusaren edukiontziak, eta neurtuta egongo da hori. Une honetan, sistema egokitzen ari gara. Azpeitiak aukera izango du modu lasaian %70 birziklatzera iritseko.
Azken agintaldian EAJk salatu du Soreasu baztertuta egon dela. Zer proposamen duzue hurrengo lau urteetarako?
Soreasu eta Sanagustin, bi proiektu, bi buelta. Bat makroproiektu bat herrian ezkutatuta; eta, bestea, herrian dugun eta herritarrek kudeatzen duten egitasmoa. Soreasu hutsa dago, bukatu gabe, eta udalak kalkulatu du hori bukatzea bost edo sei milioi kostako dela. Zinema jarri dugu martxan; gainera, Kultur Mahaiak kudeatzen du, eta ondo doa. Bestetik, aparkalekua ere erabiltzen da, herritarrei erraztasunak emanda. Ari gara dagoeneko lekua aktibatzen: abesbatza eta banda prest daude Soreasura joateko, eta proiektu sozial bati ere lekua egin diogu, Elkar-ekini. Gure apustua da Soreasu kultur sortzaileen gunea izatea. Hala ere, hori, derrigorrez, Kultur Mahaiarekin batera egin behar dugu, bestela alferrik ari gara.
Garrantzia berezia eman diozue memoria historikoari.
Orain arte isilatsun aro bat egon da hemen; esate baterako, 1936ko gerraz ez da ezer jaso Azpeitian, eta horrek asko harritzen nau. Egin beharreko ariketa zen. Aitormena eta justizia defenditzen ditugu. Arlo horretan ez da ezer egin, lehen plaka guk jarri dugu. Hildakoak hor daude, kartzelan egon direnak eta torturatuak ere bai: zer justizia izan dute haiek? Konprometitzen gara hasitako ildoa jarraitzera.
Zertan desberdintzen dira Azpeitiko EH Bildu eta EAJ?
Desberdintasun nabarmenak ditugu. Batetik, eduki aldetik: eskubide sozialen inguruko planteamenduak egiten ditugu guk. Guretzat garapena,adibidez, kontzeptu integrala da, ez da enpresetara soilik mugatzen. Lana egiteko modua ere guztiz desberdina da. Orain, gure lana egiteko erara gerturatzeko saiakera egiten ari dira haiek, eta ondo iruditzen zait, baina bakoitzak bere historia du, eta badakigu nondik gatozen. Udalean sartzean, 9,8 milioi euroko zorra zegoen, eta 4,7 milioi eurora jaitsi dugu lau urtean. Elkarlanean eta estrategian oinarrituta gobernatzen dugu guk. Ez dugu epe motzean pentsatzen, epe luzera erantzun nahi diegu herritarren beharrei. Hori da gure eskaintza.