Hemendik aurrera, gazteek ez ezik laguntza eskatzeko aukera izango dute ezindu fisikoek, 70 urtetik gorakoek eta banandutako pertsonek ere.
Azpeitiko Udalak 150.000 euro inbertituko ditu etxebizitzak alokatzeko diru laguntzetan, joan den urtean bezala. Hala ere, iazko esperientziaren ostean, zenbait aldaketa egin dituzte laguntzen oinarrietan. Esate baterako, laguntzak eskatzen dituzten pertsonen diru sarrerak kontuak hartuko dituzte, eta aukera emango diete diru laguntza eskatzeko ezindu fisikoei, 70 urtetik gorako herritarrei eta banandutako pertsonei.Iaz 134.000 euro erabili zituen udalak etxebizitzen alokairuak diruz laguntzeko, eta 47 eskaera onartu zituzten, denera. Etxeberriaren arabera, «etxebizitza politika berria» martxan jarri zuten horrela. Gainera, haren esanetan, alokairuan dauden pertsonez gain, etxea errentan jartzen dutenei ere «lasaitasuna» eman zieten, udalak ez dituelako laguntzak ematen errentan daudenek hileko kopurua ordaindu arte.
«Arazo handienak dituztenei lagundu diegu; izan ere, hobe da 150.000 eurorekin etxe bakarra eraiki baino familia askori laguntzea. Badakigu dagoeneko herrian etxe asko alokatu dituztela laguntzei esker», jakinarazi du Etxeberriak. Bestalde, alkateak nabarmendu du laguntza eskatzeko ez dela beharrezkoa kontratu berria izatea: «Aspalditik errentan bizi diren herritarrek ere berdin-berdin eska dezakete laguntza».
Irizpideak
Diru laguntza eskatu ahal izateko, beharrezkoa da etxebizitzako pertsonak bat, gutxienez, Azpeitian erroldatuta egotea azken hamar urtean. Horrez gain, 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek, 70 urtetik gorako pertsonek, gabezia fisikoak dituztenek eta bananduek izango dute laguntzak eskatzeko aukera. Pertsona horiek gehienez 250 euro jaso ditzakete hilean; eta, Alde Zaharrean biziz gero, 50 euro gehiago: 300 euro. Horretarako, errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hala ere, herritarren diru sarrerak hartuko dira kontuan, eta alokairuaren %50 eta %20 artean ordainduko die udalak herritarrei. Joan den urtean laguntza eskatu zutenek errepika dezakete, baina tokatzen zaiena baino %25 gutxiago ordainduko zaie. Eskaera udaletxean egin behar da.