"Ilusioa, indarra eta borondatea" josten hasi dira Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 25a

Ehuntze Eguna ospatu dute gaur, larunbata, Azpeitian, Euskal Herriko beste hamaika txokotan bezala. Goiz-goizetik hasi dira lanean Gure Esku Dago egitasmoko kideak; izan ere, atxikimenduak emateko eta materiala saltzeko postuak jarri dituzte herriko gune askotan. Bazkal ondoren, haurrentzat pailazoak, jolasak eta buruhaundi zein erraldoiak egon dira Olazko Amaren plazan eta Alde Zaharrean; trikitilariek lagundu diete haiei. Arratsaldean egin dute Azpeitian ekitaldi nagusia, eta bertan aldarrikatu dute Euskal Herriak "bere egin" nahi duela erabakitzeko eskubidea. Iaz 1.500 herritarrek parte hartu bazuten giza-katean, eta aurten 2.500 atxikimenduko langa jarri dute Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideek. "Joan den urteko ekainean ametsa ez zen amaitu, hasi egin zen", adierazi dute. Hori dela-eta, azpeitiarrei eskatu diete babesa emateko eta Gure Esku Dagoren lokalera joateko, asteko edozein egunetan, 17:30etik 19:30era. Ekainaren 21ean Anoetako hautestontzia osatzera joango dira herritarrak: "Oihalak josiko ditugu, gure ilusioa, indarra eta borondatea ehuntzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide