Etxeberria eta Ibarzabal, aurkezpenean. (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Udalak 150.000 euro inbertituko ditu etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzetan, joan den urtean bezala. Hala ere, iazko esperientziaren ostean,
zenbait aldaketa egin dituzte laguntzen oinarrietan. Esate baterako,
laguntzak eskatzen dituzten pertsonen diru-sarrerak kontuak hartuko dituzte, eta
aukera emango diete diru-laguntza eskatzeko ezindu fisikoei, 70 urtetik gorako herritarrei eta banandutako pertsonei, herritar horiek ere "zailtasunak" dituztelako. Bestalde, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak jakinarazi du
2015ko laguntza jaso dutenek ere izango dutela aukera berriro diru-laguntza eskuratzeko. Hala ere, pertsona horiek iazkoa baino %25 gutxiago jasoko dute, "dirua denentzat iris dadin bermatzeko".
Joan den urtean 134.000 euro erabili zituen udalak etxebizitzen alokairuak diruz laguntzeko, eta 47 eskaera onartu zituzten, denera. Eneko Etxeberriaren arabera, "etxebizitza politika berria" martxan jarri zuten horrela. Gainera, haren esanetan, alokairuan dauden pertsonez gain, etxea errentan jartzen dutenei ere "lasaitasuna" eman zieten, udalak ez dituelako laguntzak ematen errentan daudenek hileko kopurua ordaindu arte. Beraz, etxejabeek hileko diru-kopurua jasoko dutela ziurtatuta izateko modu bat ere bada laguntza.
"Arazo handienak dituztenei lagundu diegu; izan ere, hobe da 150.000 eurorekin etxe bat eraikitzea baino familia askori laguntzea. Badakigu dagoeneko herrian etxe asko alokatu dituztela laguntzei esker", jakinarazi du Etxeberriak. Bestalde, alkateak nabarmendu du laguntza eskatzeko ez dela beharrezkoa kontratua berria izatea: "Aspalditik errentan bizi diren herritarrek ere berdin-berdin eska dezakete laguntza, irizpideak betez gero".
Irizpideak
Diru-laguntza eskatu ahal izateko, beharrezkoa da etxebizitzako pertsonak bat, gutxienez, Azpeitian erroldatuta egotea azken hamar urtean. Ezaugarri hori betez gero, honakoek eska dezakete laguntza:
- 18 eta 35 urte bitarteko herritarrak.
- 70 urtetik gorako pertsonak.
- Mugikortasun arazoak dituztenak.
- Banadutako pertsonak.
Pertsona horiek gehienez 250 euro jaso ditzakete hilean; eta, Alde Zaharrean biziz gero, 50 euro gehiago: 300 euro. Horretarako, errentak 500 euro baino gutxiagokoa izan behar du; 550 euro baino gutxiagokoa, Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan. Hala ere, aurrez esan bezala, hemendik aurrera, herritarren diru-sarrerak kontuan hartuko dituzte dirua banatzerakoan. Honakoak dira kopuruak eta ehunekoak:
- 0,00 - 15.000,00 euro: alokairuaren %50.
- 15.000,00 - 21.000,00 euro: alokairuaren %40.
- 21.000,00 - 30.000,00 euro: alokairuaren %30.
- 30.000,00 - 35.000,00 euro: alokairuaren %20.
Diru-sarreren muga, berriz, honakoa izango da:
- Pertsona bakarra bizi den etxebizitzetan: 28.000 euroko diru-sarrera gordinak urtean.
- Bi pertsona edo gehiago bizi diren etxebizitzetan: 35.000 euroko diru-sarrera gordinak urtean.
Eskaera egin daiteke urriaren 15a bitartean, Azpeitiko udaletxean. Informazio gehiago behar dutenek Azpeitia Berritzenek Sindikatu Zaharreko lehen solairuan duen bulegora joan beharko dute.