Aitziber Blanco: "Taldeko kideen gizatasun eta errespetu maila nabarmendu behar da"

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko apirilaren 23a

Azpeitiko Foro Herritarreko gidaria eta bidelaguna izan da Aitziber Blanco (Bilbo, 1972). Irteera-puntua berak markatu bazuen ere, argi du taldeak berak egin duela bidea urte honetan.

Aitziber Blanco, Azpeitiko Foro Herritarreko dinamizatzailea. (E. Albizu Lizaso) Azpeitiko Foro Herritarreko gidaria eta bidelaguna izan da Aitziber Blanco (Bilbo, 1972). Irteera-puntua berak markatu bazuen ere, argi du taldeak berak egin duela bidea urte honetan. Nola jaso zenuten Foro Herritarra sortzeko proposamena? Bizikidetzara bideratutako diru-laguntza batzuk eman zituen Aldundiak, eta Lokarrik bere buruan eskaini zuen aholkulari lanak egiteko. Ikusi genuen bazegoela aukera Azpeitian herritar anitzekin elkarrizketa esparrua sortzeko, eta Udaleko alderdiek aho batez onartu zuten. Ikusi nahi genuen indarkeria desberdinek nola eragin duten herritarren bizitzan. Hori dela-eta, hasieratik, desberdinen arteko elkarrizketa izan da gure helburua. Horretarako, gune segurua eta konfiantzazkoa eraiki nahi izan dugu. Diskrezioa, konfidentzialtasuna eta askatasuna izan dira taldearen oinarria. Azpeitiaz gain, beste herri batzuetan ere landu du Lokarrik esperientzia hori, ezta? Bai, dinamika bera jarraitu dugu beste herri batzuetan ere. Kasu batzuetan, oraindik isilean ari gara lanean. Beste herri batzuetan, pasuoa eman dute dagoeneko; esate baterako, Tolosan. 2014ko martxoan hasi zen biltzen Azpeitiko taldea. Nola deskribatuko zenuke hasierako talde hura? Hitz egiteko borondatea zuen herritarrak zeuden, eta oso azkar ireki ziren. Bestetik, aipatu behar dut sufrimendu eta min handia pairatutako jendea bildu zela. Sufrimendu handia eta desberdina. Taldeko kideen gizatasun maila eta errespetu maila nabarmendu behar da; malgutasuna eta konpromisoa. Ezinezkoa litzateke prozesuak aurrera egitea elkarrekiko eta taldearekiko izan duten enpatia eta zaintza gabe. Nolakoa izan da taldearen garapena azken urtean? Urte hau prozesu bat izan da. Elkarrenganako hurbiltze modu bat. Une guztiak ez dira gozoak izan, eta gauza batzuk entzutea gogorra izan da. Egoera desberdinek izan dute lekua, eta aukera paregabea eman digu horrek ezagutzen ez genituen errealitateak ulertzeko. Taldeko kideek esan dute ez direla "onenak", eta haiek egin duten bezala, gizarteak ere jarrai ditzakeela urrats horiek. Hala ere, pauso hori ematea erabaki sendoa da, ezta? Bai, oso erabaki sendoa da; izan ere, eskatzen du zure barne-mundua ezagutzen ez duzun jendearekin konpartitzea.Uste dut mundu guztiari ezin diogula hori eskatu, denek ezin dutelako une honetan hori egin. Horregatik da eskertzekoa taldeko kideek emandako urratsa. Ez da beraien onurarako soilik izan, bizikidetzaren aldeko urratsa izan da. Hori egitea esfortzua da, eta borondate handia behar da, sinistu egin behar duzu honetan, eta aurrera urrats bat eman. Zer modu egon daitezke taldetxo batean gertatu dena herrira, gizartera, zabaltzeko? Badira horretarako aukerak, baina oraindik ez gara gai irudikatzeko zehatz-mehatz nola egin dezakegun. 11 pertsona bildu badira Azpeitian bizikidetzaz hitz egiteko, esan nahi du herrian badela horretarako beharra. Asmatu behar dugu nola sortu herritar desberdinak hurbiltzeko esparruak, elkarri minik egin gabe. Konfiantzazko guneak. Nik uste dut garrantzitsua dela egitasmo hau gizartera zabaltzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide