Azpeitiko Herritarren Foroan parte hartu duten zenbait kide. Ezkerretik hasi eta laugarrena da Lokarriko dinamizatzailea, Aitziber Blanco. (E. Albizu Lizaso)
"Urte askoan elkarren aurka egon garen pertsonak bildu gara, eta egiaren beste zati bat badela ikusi dut nik, hau da, egia osoa ez dela nirea soilik". Horrela azaldu du Miren Odriozola Azpeitiko Herritarren Foroko kideak azken urtean eginiko bilerek erakutsi diotena. Izan ere, indarkeria mota desberdinak pairatu dituzten herritarrak biltzen jardun dira 2014ko martxoaz geroztik. "Isilean eta pribatuan" egin dute lana, eta pauso bat gehiago eman dute oraingoan; publikoki aurkeztu dute taldea. Egitasmoa Azpeitiko Udalak bultzatu du, eta Lokarri elkarteak egin ditu koordinazio lanak. Aitziber Blanco arduratu da saioen dinamizazioaz.
2014ko martxoaren 16an hasi ziren biltzen azpeitiarrak. Profil desberdinetako herritarrek elkarrekin hitz egin zuten lehen aldiz egun hartan. Parte-hartzaileen artean daude presoen senideak, PSE-EE, EAJ eta Ezker Abertzaleko kideak zein kide ohiak, ideologia arrazoiengatik mundu profesionalean arazoak izan dituztenak, mehatxatuak izandako herritarrak edo familiako kideren bat hil dietenak, besteak beste. Ordezkariek argi utzi dute norbere gogoz hartu dutela parte foroan, eta ez dituztela kolektibo osoak edo taldeak ordezkatu nahi izan. «Gu izan gara prozesuaren protagonistak, pertsonak egon dira hemen», esan dute haiek. Honakoak dira, izen-abizenekin, foroko parte-hartzaileak: Alaitz Aguado, Jexux Aizpurua, Eneritz Albizu, Miren Alcedo, Jabier Altuna, Joxe Arregi, Felipe Murillo, Miren Odriozola, Manoli Uranga, Eneka Urbieta eta Mertxe Urtuzaga Otaegi.
"Sufrimendua onartzea" eta "ondokoarena ulertzea" izan dira Foro Herritarreko kideen helburuak, eta oso argi dute horretarako beharrezkoa izan dela taldearen "esfortzua" eta "konpromisoa". Azaldu dute entzutea ez dela beti erraza izan: "Gaizki ulertuak izateko beldurra sentitu dugu guztiok, baina gure sufrimendua partekatzeak batu egin gaitu".
Errelato bat, denena
Foroaren aurkezpen ekitaldia (E. Albizu Lizaso)
Errelato edo istorio bakar bat sortzeko asmoarekin, barruko korapiloak askatzeko saiakera egin dute 11 azpeitiarrek azken urtean. "Gogor" heldu diote erronkari, eta "gorrotorik eta erreminik gabe" mintzatu dira egunez egun. "Besteek ere guk bezala sufritu dutela ikusi dugu; eta, elkarrengandik urrun egon arren, esperientzia honek gerturatu egin gaitu". Aho batez esan dute "gogorra" izan dela "norbere sentipenak" kontatzea, eta "esfortzu handia" egin dutela. Hala ere, beraien errelatoa Azpeitiko eta Euskal Herriko errealitatearen isla dela ziurtatu dute.
Miren Alcedo taldeko kidearen arabera, "talde lanak" erakutsi die "posible dela etorkizunari begiratzea". Miren Odriozolak, berriz, "bizitzako esperientzia" gisa definitu du: "Bestearengana hurbiltzeak gizatiartu egin nauela sentitzen dut". Odriozolak argi du, bakoitzak bera ideologia eta pentsaera izan arren, "guztiek batera" bizi behar dutela. Aurrera begira, badaki "korapilo asko" daudela askatzeko, baina beraiek lortu duten bezala, herritarrek ere lor dezaketeela pausoa ematea.
"Bizitzako ariketa" gisa definitu du Felipe Murillok prozesua. Bera da foroko lagunik gazteenetakoa, eta adierazi du balio izan diola "Euskal Herrian gertatu zena eta gertatzen ari dena" ezagutzeko eta ulertzeko.
Aurrerantzean, batera
Elkarrengandik gertu egoteko aukera izan dute foroko 11 lagunek. Gertu fisikoki, gela berean bildu direlako; eta gertu psikologikoki, ondokoaren mina sentitzeko aukera izan dutelako. "Elkarrekin bizi gaitezkeela ondorioztutatu dugu", esan dute haiek. Behin eta berriz nabarmendu dute beraiek ez direla "onenak", eta herritar guztiek egin dezaketeela ariketa hori: "Aurrera begiratu behar dugu, iragana ahaztu gabe". Bien bitartean, datorren astean erabakiko dute kideek foroarekin jarraitu edo ez, eta zer formula aurkitu.