30 urte egin ditu Azpeitiko anbulatorioak, eta parte-hartze prozesua ireki dute hori ospatzeko. Haurren marrazkiekin erakusketa egingo dute, eta helduek beraien iritzi, ekarpen edo argazkiak bidal ditzakete.
lan egiteko modua aldatu da inguruko anbulatorioetan azken urteetan. Baliabideak, prestakuntza eta pazienteen ohiturak ere desberdinak dira. Hala ere, azken 30 urteetan egitura berak eutsi die Azpeitiko anbulatorioko joan-etorriei eta istorioei. 1981ean hartu zuen Azpeitiko Udalak herrian osasun etxea egiteko erabakia; aurrez, kartzela eta epaitegia izandako eraikinean, Jose Artetxe kalean, eta 1985ean berreraiki zuten. Gaur egun, hor jarraitzen dute lanean sendagile eta erizainek, eta erreferentziazko leku bihurtu da azpeitiarrentzat ez ezik, inguruko herrientzat ere.Anbularioaren lehen egunetik lanean ari diren lau pertsona daude oraindik Azpeitian, bi sendagile eta bi garbitzaile: Marije Bernaras familia medikua, Carlos Orbea pediatra eta Ana Aizpuru eta Arantza Landa garbitzaileak.
Carlos Orbea pediatraren hitzetan, bost pertsona hasi ziren lanean 1985ean Jose Artetxeko eraikinean. Garai hartan, «oinarrizko zerbitzua» eskaintzen zuten herrian, eta kontsulta gehienak Donostian izaten ziren. «Gaur egun, ez dugu memoria handia, baina herritarrei gogorarazi behar diegu ezerezetik osatu dugula Azpeitiko anbulatorioa», azaldu du Orbeak.
Anbulatorioaren egoeraz eta lana egiteko moduaz gain, gizartea bera ere «asko» aldatu dela ziurtatu du Orbeak. Lehen, kasu «puntualetan» joaten ziren herritarrak osasun etxera, pediatraren arabera; eta, gaur egun, «egunerokotasunean» hartutako ohitura bilakatu da. Harremana ere desberdina dela sumatzen du sendagileak: «Orain artean, medikua urruneko figura bat zen, errespetuzko pertsona bat. Orain, ordea, konfiantzazko pertsonatzat hartzen gaituzte; hori asko aldatu da urte gutxian».
Leihoak zabaltzen
30 urte igaro dira Jose Artetxeko anbulatorioak ateak ireki zituenetik, eta orain «leihoak zabaltzeko» beharra sentitu dute bertako langileek. Garai batean Osakidetzak hartutako erabakiak tarteko, «itxi» egin zirela pentsatzen du Ana Errasti anbulatorioko Lehen Mailako Arretarako buruak. Hori dela-eta, 30 urteak ospatzeko herritarren parte-hartzea eskatu dute. Bi egitasmo antolatu dituzte: batetik, umeen marrazki erakusketa osatzen ari dira zentroan, Azpeitia, Urrestilla eta Errezilgo haurrentzat. Pediatren kontsultetan ari dira jasotzen irudiak dagoeneko, eta ekainaren 13an jarriko dute murala. Bestalde, herritarren bizipenak jasotzen dituzten argazki, testu, esperientzia edota iritziak bildu nahian dabiltza, baita eraikinari buruzko informazioa ere, azpeitia@osakidetza.eus-en bitartez. «Oro har, kexak bideratzeko soilik jotzen dute herritarrek gugana, eta bestelako ekarpenak jaso nahi ditugu guk», azaldu du Errastik. Osasun etxe batentzat «berritzailea» da egitasmoa, eta ikusi egin nahi dute zer nolako harrera izaten duen Azpeitian. Ondo joanez gero, liburuxka bat osatzea ere pentsatu dute anbulatorioko kideek.
Nolanahi ere, ekintza horien xedea da «herritarrekin komunikazioa lantzea», hala azaldu du Josu Diez anbulatorioko administratzaileak. Bestalde, ekainaren 11n bazkari bat egingo dute 30 urteetan zehar anbulatorioan lan egin duten pertsona guztiek, eta profesional denak biltzea espero dute haiek.
Erronkak aldatzen
Herritarren ohiturekin batera aldatu dira osasun etxeko erronkak ere. Orain artean ardura osoa medikuen esku bazegoen, orain, herritarrei beraien burua zaintzen irakasteko egitasmoak sustatzen ari da anbulatorioa. Aurrerantzean, gainera, bide hori nahi dute landu.
«Esku-hartze komunitarioa» deritzon teknikak erabiltzen hasi dira, taldetan, herritarrek beraien beharrak ezagutu eta beraien burua zaintzen ikas dezaten; «paziente aktiboa» deritzon filosofia jarraituta. Diabetesa duten pertsonekin ari dira lantzen, besteak beste.
Murrizketen eragina
Osakidetzan eginiko murrizketek eragina izan dute herrietako anbulatorioetan ere. Hala azaldu dute Errastik eta Diezek. Haien arabera, «baliabideak eta tresnak» kalitate onekoak dira, baina «ordezkapenetan eta langileen soldatetan» sumatu dute aldaketa. Haiek azaldu dute, esate baterako, udako oporretan oso mediku gutxi bidaltzen dituztela ordezkapenak egiteko; eta, askotan, batek egin behar izaten dituela hiru edo lau sendagileren lanak.
Bestela, zerbitzua eskaintzeko beharrezko lanabes guztiak eta lanerako gogoa dutela jakinarazi dute, beste 30 urtean edo gehiagoan jarraitzeko.