Azpeitiko EAJren aurkezpena. Hiru hautagai falta dira. (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko EAJk udal hauteskundeetarako hautagai-taldea aurkeztu du, hamazazpi zinegotzi eta hiru ordezko kiderekin. Han izan da Joseba Egibar, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria. "Perfil desberdinetako emakume eta gizonak" aurkeztu dituztela esan dute, afiliatuak eta independienteak, eta "azpeitiarekin konpromisoa" eta "lanerako ilusioa eta gogoa" dutela jakinarazi du Aitor Gorrotxategi alkategaiak. "Ideia eta lehentasun argiak dituzten taldea da, Azpeitiak behar duen aldaketa gidatzeko gauza dena", esan du. Haiez gain, "ezkutuan" lan egiten duten azpeitiarrez hitz egin du: "Guk, azkenean, ohiko zerrenda bat osatu dugu, baina prozesu honetan parte hartu duten pertsonak asko izan dira".
Gorrotxategik nabarmendu du "gaztetasuna", "esperientzia" eta "freskotasuna" uztartu dituztela taldean. Gazteekin ere apustua egin dutela adierazi du; izan ere, 35 urtetik beherako bost hautagai dituzte hauteskundeetako zerrendan. "Ekipoari" garrantzia ematen diola esan du: "Zerrendaburua izango banaiz ere, nik entrenatzaile lanak egingo ditut ekipo honekin".
Beraien lehentasuna krisi ekonomikoari eta hark Azpeitian utzitako ondorioei "aurre egitea" izango da, Azpeitiak arlo horretan "asko sufritu" duelako. Horrez gain, elkarbizitza eta kohesio soziala izan ditu mintzagai Gorrotxategik. Alkategai jeltzaleak esan du "kolore, arraza eta hizkuntza desberdinetako" pertsonek elkarrekin bizi behar dutela herrian, guztien seme-alabak azpeitiarrak izango direlako etorkizunean.
Joseba Egibarrek ere onespena eman dio Azpeitiko EAJko taldeari. Hark esan du "beraien buruaz gain, beste zerbait, herria, maite duten herritarrak" direla aurpegia eman dutenak. Afiliatuak izan edo ez, "izateko eran", "portatzeko moduan" eta "baloreetan" bat egiten duen taldea dela nabarmendu du. "Eskerrak emateaz gain, esan nahi nizueke oso garrantzitsua dela guztion etxea osatzeko lana egitea, alderdiarekin izenean. Horrela, Azpeitia, Gipuzkoa eta Euskadi hobeagoa egingo dugu, herri osoari begira lanean", adierazi du.
Bestalde, EAJko alkategaiak jakinarazi du "laster" aurkeztuko dutela herri-programa, herritarren eta eragileen ekarpenekin osatzen ari dena. Honakoa da aurkeztu duten zerrenda:
Aitor Gorrotxategi Larrañaga: Ekonomista. 39 urte.
Nerea Etxeberria Lizaso: Ingeniaria. 31 urte.
Aritz Azpiazu Mateos: Administraria. 30 urte.
Itziar Lasa Arteaga: Soziologoa. 40 urte.
Jose Miguel Aizpuru Kerejeta: Galdaragintzan langilea. 39 urte.
Rebeka Larrañaga Udabe: Administraria. 42 urte.
Xanti Gurrutxaga Elorza: Soinu-teknikaria. 54 urte.
Amaia Etxeberria Etxeberria: Diseinatzailea. 44 urte.
Mireia Epelde Bikendi: Irakaslea. 29 urte.
Alberto Francesena Orbegozo: Komertziala. 60 urte
Nerea Alday Garate: Ingeniaria. 31 urte.
Lander Garate Berasategi: Egurgintzan langilea. 38 urte.
Ane Gil Izagirre: Ikaslea. 22 urte.
Iñaki Txapartegi Begiristain: Zuzendari industriala. 43 urte.
Arantxa Arregi Bastida: Jubilatua. 70 urte.
Julian Kortajarena Otalain: Galdaragintzan langilea. 57 urte.
Jabier Altuna Larrañaga: Irakaslea. 48 urte.
Onintza Zeberio Arretxe: Irakaslea. 40 urte.
Jose Mari Bastida Arrieta. Alkate-ohia. 72 urte.
Julian Eizmendi Zinkunegi: Alakate-ohia. 57 urte.