Ainhoa Beristain eta Kontxita Martija, Azpeitiko Udaleko ordezkariak (E. Albizu Lizaso)
Errenta aitorpena egiteko unea iritsi da, eta Azpeitiko Udalak gogorarazi du herritarrek hura euskaraz egiteko aukera eta eskubidea dutela. Hori dela-eta, erakundeak herritarrei dei egin die Gipuzkoako Ogasunarekin harremanetan jartzean, izapideak euskaraz egiteko. Joan den urtean, Azpeitian, herritarren %33,83k egin zuen errenta aitorpena euskaraz; hiru biztanletik batek, alegia. Ainhoa Beristain udal zinegotziaren arabera, "marka ona" da 2014an lortutakoa, baina ezin da "erlaxatu". Haren hitzetan, garrantzitsua da errenta aitorpena euskaraz egitea, horrek "balioa" ematen diolako hizkuntzari. 2008tik, urtez urte hazi da izapideak euskaraz egin dituzten herritarren kopurua. %27,76 ziren duela zazpi urte; eta, esan bezala, %33,83 joan den urtean.
Nola egin daiteke euskaraz?
Errenta aitorpena euskaraz nola egin ez dakitenentzat jarraibideak prestatu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Bertan erakusten dute aitorpena nola egin euskaraz autolikidazioan, mekanizatuta edo Internet bidez. Herriko adieraz-guneetan jarriko dituzte, eta etxez etxe ere banatuko dituzte argibideak, beraien aldizkariarekin batera. Hala ere, honekoak dira Uemaren azalpenak:
Autolikidazio proposamena
- Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatua
- Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.
- Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, telefono bidezkoak edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke, hala eskatuz gero.
- Ogasunak sinatzeko ematen duen orria euskaraz jasotzeko eskubidea duzu.
Internet bidezkoa
- Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espreski adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
- Beste moduren batean egiten baduzu (finantza erakunderen batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.
Gipuzkoako zifra onenak
Errenta aitorpena euskaraz egin daitekeenetik Azpeitiak izan ditu zifra onenak Gipuzkoan, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean. Inguruko herriei dagokienez, Azkoitian %25ek egin zuen joan den urtean aitorpena euskaraz; eta hirugarren lekuan dago sailkapen horretan, Oiartzunen atzetik. Eskualdeari begira, Zestoa da zifra onenak dituena, %35era iristen baitira.