1555. urte inguruan eraiki zuten parrokian Bakardadearen Kapera. Orduz geroztik, ez dute berritu kanpo horma, eta hango armarriak babesteko asmoarekin, Jose Luis Larrañaga buru-belarri dabil lanean.
Beti kanpora begira bizi gara, eta askotan etxean ditugu gauzarik ederrenak». Hala erantzun du Kepa Susperregi Azpeitiko apaizak parrokiko kanpo horman berritzen ari diren armarriez galdetzean. 1555. urte inguruan eraiki zuten Barkardadearen Kapera parrokian, eta ordutik ez dute ukitu; ez, behintzat, kanpoko aldea. Horrenbestez, 445 urte igaro dituzte hor hiru armarriek: Carlos V.arenak, Azpeitikoak eta, gaur egun, ezabatuta dagoenak. Orain, udalaren enkarguz, Jose Luis Larrañaga zaharberritzailea lanean ari da etxaurrean dauden artelanak txukuntzeko, «hasieran zegoen irudia errespetatuta».Armarriak txukuntzea, ordea, ez da hirigintzari lotutako lan soil bat. Horren erakusle da HITZA-k Jose Luis Larrañaga Bilbon harrapatu izana: «Hain zuzen, Bilbon harrapatu nauzue. Hiru armarrietako batean ez dugu oso argi ikusten zer irudi zegoen, eta ikerketa lanetan ari naiz: tesiak begiratzen, jendearekin hitz egiten...». Izan ere, «lan serioa» da ondarea berreskuratzearena, eta «oso garrantzitsua» da bertsio originalari «leiala» izatea.
Azpeitiko zaharrenetakoa
Duela urte batzuk Azpeitiko parrokiak eskatu zuen aurrekontua kanpo horma horretako irudiak berritzeko. Kepa Susperregi apaizaren arabera, une horretan «beste lehentasun batzuk» zituztela-eta, albo batera utzi zuten proiektua. Neguan heldu dio udalak armarrien gaiari, eta Larrañaga lanaren karguan jartzea erabaki dute,
Susperregiren hitzetan, erakundeko ordezkariak beraiekin harremanetan jarri ziren proiektua interesgarria iruditzen al zitzaien jakiteko; eta, behin baiezkoa jasota, haiek hartu zuten ardura. Apaizaren arabera, Mada- lena txukuntzen ere hastekoak dira, beraiek ezin dutelako iritsi denera.
«Azpeitiko zaharrenetakoa izango da herriko armarria, eta garrantzitsua da hori mantentzea», azaldu du Larrañaga lanaren arduradunak. Hark uste du horregatik duela erakundeak ere hura zaindu eta txukuntzeko asmoa. Susperregik eta Larrañagak bazekiten itxuraz gaizki zegoela ondarea, baina aldamioa jartzean konturatu omen ziren «benetan» zer kalte pairatu dituen.
Beraz, Larrañagak azaldu du hiru armarriek bazutela berritzeko beharra, oso material ahularekin eginda baitaude. «Hare-hondarrez eginda daude artelanak, eta lanerako oso material egokia bada ere, ez dute ondo irauten». Hori dela-eta, material gogorragoa erabiliko dute, hezetasunari eta kontaminazioari aurre egiteko. Larrañaga «gustura» sentitzen da, azpeitiarra izanda, proiektuan parte hartzeko aukera eman diotelako. Horregatik dabil buru-belarri lanean.
Misterioa argitzen
Azpeitian ere badira misterio txikiak, eta horietako bat da hiru armarrietako bateko grabatua. Aspalditik dago ezabatuta, eta ez dakite seguru zer jartzen duen bertan. Hura berreskuratzeko, ordea, «beharrezkoa» da datu hori argi izatea. «Batzuek diote 1555 jartzen duela, urte horretan eraiki zelako kapera; besteek esaten dute SSS jartzen duela, Soreasuko San Sebastianen omenez. Teoria asko daude, eta gu egian oinarrituko gara», adierazi du proiektuaren buruak.