Hamar urtean, musikarien harrobi

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko api. 16a, 08:30

Apirilaren 25ean itxiko dute Azpeitiko Txarrantxa taberna, Punk musikaren maitaleentzat erreferentzia izan dena. Hori dela-eta, ‘Azken Dantza’ ekitaldia prestatu dute larunbaterako.

Jaiak, lagunak, musika eta garagardoak. Taberna bat baino gehiago izan da Azpeitiko Txarrantxa hamar urtean. 2005ean ireki zituen ateak, eta ibilbidea bukatuta, apirilaren 25ean itxiko dute. Hamar urtean, inguruko eta atzerriko musika taldeei oholtza eskaini die Txarrantxak, eta hamaika disko saldu dituzte barraren atzeko apaletan. Larunbat honetarako prestatu dute Azken Dantza izeneko ekitaldia, eta «etxeko» zortzi taldek joko dute bertan, 17:00etatik aurrera. Hiru lagunek hartu zuten Txarrantxa, 2005ean, eta haien hitzetan bertako jendeak eman zion «izaera» tabernari: «Musikeroak ziren bezeroak, eta geu ere bai. Tabernaren nortasuna ez zen nahita erabakitako zerbait izan». Nahita izan edo ez, Punk musikari estu lotutako giroa izan du tokiak, eta horren erakusle dira bertatik ateratako taldeak eta han jo izan dutenak. Orotara, 100 bat taldek zapaldu dute Txarrantxako taula, eta 400 kontzertu inguru eskaini dituzte, 110 ekitalditan banatuta. Azpeitiko eta inguruetako musika taldeez gain, atzerritik etorritakoek ere jo dute Txarrantxako hormen artean. AEBtatik, Mexikotik, Kataluniatik edo Finlandiatik jaso dituzte bisitariak, besteak beste, Txarrantxan. Txarrantxaren azken eguna hilaren 25ekoa izango bada ere, larunbatekoa izango da «agurra», Julen Arrietaren, tabernako sortzaileetako baten, hitzetan. «Zerbait berezia egin nahi genuen, eta bertako taldeekin osatu dugu kartela», esan du. Beraz, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeek eskainiko dute larunbatean Txarrantxako azken dantza. Beti legez, guztientzat irekita egongo da taberna. Hutsa geldituko da ondoren Txarrantxa; izan ere, oraindik ez dakite erreleboa izango al duen. Jendeak, oro har, tristuraz hartu du berria, eta askok galdetzen omen dute hemendik aurrera nora jo behar duten. «Kanpoko musika zaleek ere adierazi digute beraien pena, baina hau horrela da», esan du Arrietak. Erabakia hartu dute, beraz.

Oroitzeko moduko uneak

Oroitzeko moduko makina bat une utzi dizkiete Txarrantxak bertako langileei eta azpeitiarrei. Urtero egiten duten Txarrantxa Rock ekitaldia aipatu dute, batetik. «Erreferentziala» bihurtu dela diote kideek, kanpoko jendeak ere gustuko duen saioa delako. Apirila eta maiatza bitartean egiten dute Txarrantxa Rock, ireki zenetik gaur arte, urte bakar batean hutsik egin gabe. Bestetik, Txarrantxa 2005-2009 diskoa dute buruan tabernako langileek. Disko hartan 49 taldek hartu zuten parte. Inguruetako taldeak ziren gehienak, eta guzti-guztiak ziren tabernan doinu batzuk jotakoak. Atzera begiratuta, eskerrak eman nahi dizkiete beraien bezeroei Txarrantxako langileek, bertan jarritako giroagatik eta hor egoteagatik: «Gaur hemen daudenei eta ez daudenei, eskerrik asko».

'Azken Dantza', egitaraua

  • Belar Txarrak.
  • Gaitze.
  • Satorrak.
  • Old Bridge.
  • Kasik.
  • Baserriko Ollaxkuek.
  • Friday’s crew.
  • Semeputiek.
   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide