Parekidetasuna Udaleko esparru guztietan lantzeko estrategia onartu dute

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko api. 14a, 17:46

Politikari eta tekniko guztiek hartu dute konpromisoa 'Mainstreaming' deritzon estrategia garatzeko. Komunikazioan, kontratazioetan eta diru-laguntzetan txertatuko dute ikuspegia.

Edurne Aranbarri eta Leire Etxaniz, aurkezpenean (E. Albizu Lizaso) "Genero ikuspegia udal jarduera osoan txertatzeko" helburuarekin aurkeztu dute Mainstreaming deritzon estrategia. Egitasmoaren izenak "zeharkakotasuna" esan nahi du; eta, hain zuzen, parekidetasuna esparru guztientan, zeharka, lantzeko filosofia islatzen du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatu dute proiektua, hark aholkularitza eskainiko baitio Udalari. Azpeitia aitzindaria da ikuspegia txertatzen, Donostiarekin eta Tolosarekin batera.

Aho batez hartutako erabakia

Ikusmolde hori esparru guztietan txertatzeko, politikari eta tekniko guztiek, aho batez, onartu dute estrategia, eta hala erakutsi zuten azken udalbatzako bozkaketan. Hori dela-eta, Leire Etxaniz Parekidetasuneko zinegotziak esan du "lan egiteko modua" aldatu behar dela; eta, hemendik aurrera, estrategia hori jarraituko dutela arauak, proiektuak edo bestelako egitekoak diseinatzerakoan. "Denek jantzi behar ditugu mugimendu feministak aipatzen dituen betaurreko moreak", adierazi du Edurne Aranbarri Parekidetasun arloko teknikariak. Esate baterako, komunikazioan, diru-laguntzetan edo kontratazio irizpideetan txertatuko dituzte genero irizpideak Udalean. Adibidez, kartelak, txostenak edo publizitatea egiterakoan kontuan hartuko dute parekidetasun ikuspegia, baita eragileei diru-laguntzak ematerakoan edo bekak eskaintzerakoan ere. "Epe luzera begira" eginiko estrategia da Mainstreaming deiturikoa, eta nazioartean berdintasun politikek izandako aurrerapusoari erantzun nahi dio Udalak, ordezkarien arabera. Horretarako, apurka-apurka hasiko dira ikuspegia lantzen esparru guztietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide