Azpeitiko Argazki Elkarteak XXXVIII. Udaberriko Argazki Rallya antolatu du iganderako, apirilaren 19rako. Aurten ere, beste urteetan bezala, egunean bertan jakinaraziko zaie lehiaketako gaia parte hartzen dutenei.
Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1, Telefonicaren egoitza zaharrean) egin beharko da 09:00etatik 09:30era eta leku berean hustuko dituzte txartelak, 13:00etatik 14:00etara bitartean. 16 urtetik gorakoek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea; adin horretatik beherakoek, berriz, doan eman ahalko dute izena. Apuntatzen diren guztientzako hamaiketakoa izango da, eta hala nahi dutenek, rallya amaitu ondoren egingo den bazkarirako ere izena eman ahal izango dute, egunean bertan.
Lehiakide bakoitzak, hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du. Bertan aterako diren argazkiak erresoluzio onenean aterako dira, JPG formatuan. 13:00etatik 14:00etara, AAEren egoitzan bertan deskargatuko dituzte memoria-txartel guztiak. Txarteletan gehienez 36 irudi eduki beharko dira eta horiek korrelatiboak izan beharko dute; hau da, argazkilariek ezingo dute irudirik ezabatu.