Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bailarako turismo datuek gora egiten jarraitzen dute. Iraurgi Berritzen Azkoitiko eta Azpeitiko garapen agentziak emandako datuen arabera, Aste Santuko oporraldian iaz baino %30 bisitari gehiagok jo zuten Loiolan dagoen eskualdeko turismo bulegora. Guztira, 1.174 lagunek jaso zuten zerbitzua apirilaren 2tik 12ra bitartean.
Azkenaldiko joerari jarraituz, bisitari gehienak, %38a, euskal herritarrak izan dira, horietatik gehienak eguna pasatzera etorritakoak. %32 Espainiako Estatukoak izan dira, "egun batzuk pasatzera etorriak, Gipuzkoa ezagutzera". %12a, Kataluniakoak izan dira, eta gainontzeko %18a atzerritarrak izan dira. Iraurgi Berritzenen arabera, azken horiek "turista erlijiosoak" ziren batez ere, taldean bidaiatu dutenak.
Inguruan egin edo ikusi daitezken ekintza eta lekuen berri jakin nahi izan dute bisitari askok; hala nola, Azkoitiko Aste Santuen, bisita gidatuen, Urola Gustagarriren ekintzen, museoen eta gainerako zerbitzuen inguruan galdetu dute. Horrez gain, Loiolako Santutegiaren eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak sasoi honetan eskaintzen duen Lurrun Trenaren inguruko informazioa ere eskatu dute.
Datuen aurrean, balorazio positiboa egin du Iraurgi Berritzenek, eta Urola Erdiak Donostian eta oro har Gipuzkoan duen goranzko joera mantentzen duela azpimarratu dute. Gainera, udaberri eta udarako aurreikuspen baikorrak dituzte, Aste Santua datozen hilabeteetako "termometroa" izaten delako. Eskariaren "kalitate ona" ere goraipatu dute; izan ere, Loiolatik haratago eskualdeak eskaintzen dituen ekintza, baliabide eta zerbitzuen inguruko gero eta interes gehiago agertzen dutela esan du garapen agentziak.