(Karkara.eus)
Azpeitiko euskarazko hedabideak diruz laguntzea onartu du Udalak aho batez. Hain zuzen, Urola Kostako Hitzari, Erlori eta
Uztarria-ri diru laguntza zuzenak emateko hitzarmenak onartu zituzten, apirilean eginiko ez-ohiko plenoan. Hitzarmenak sinatutakoan, 2015ean, Urola Kostako Hitzak 27.000 euro jasoko ditu, 6.000 euro Erlo telebistak eta Uztarria Komunikazio Taldeak 31.583,26 euro jasoko ditu komunikazio proiektuetarako, eta bestelako produktuak kaleratzeko 2.463 euro.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan zuen "euskara eta hedabide hauek estrategikoak" direla, eta "horien aldeko apustua" egiten dutela. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza, eta akordioaren aldeko jarrera agertu zuen arren, "konbentzitu behar gaituzte" esan zuen: "Jarraipena egin behar zaie hedabideei, eta jakin behar dugu zer egiten duten. Zerbitzua eskaintzen dute eta erreflexioak-eta egingo dituzte. Beraz, ondorioak udalari jakinarazi behar lizkiekete, dirua ematen zaielako".