Azpeitiko EH Bilduk hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du, eta Eneko Etxeberria da alkategaia

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 28a

Hauteskundeetarako hautagaien lan taldea aurkeztu dute Azpeitian (Ane Olaizola) Azpeitiko EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako hautagaien lan taldea aurkeztu du gaur, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko egungo alkatea izango da koalizioko zerrendaburua. Etxeberriaren ondoren, honakoek osatuko dute zerrenda, hurrenez hurren: Estitxu Elduaien, Agustin Lizarralde, Leire Etxaniz, Iosu Labaka, Ainhoa Beristain, Aitor Bereziartua, Ainara Larrañaga, Mikel Ibartzabal, Leire Goenaga eta Garikoitz Mendiolak. Koalizioaren arabera, lan talde "anitza, sendoa, bizia, gaztea eta lanerako prest dagoena" da osatu dutena. "Ziur gaude lan talde horiek EH Bilduren oinarriaren elkarlan eta babesarekin lan bikaina egingo duela datozen lau urteotan. Udalaren kudeaketa hobetu eta herri eragileekin elkarlanean aritzeko pertsona egokiekin osatu dugu zerrenda", diote. Goizean batzar irekia egin du koalizioak, eta han aurkeztu dute lan taldearen proposamena, zerrenda osatzeko egin duten prozesuaren balorazioa egitearekin bat. Bilduren arabera, elkartu diren "gehiengo osoak" onartu du proposamena, eta batzarra amaitutakoan egin dute publiko zerrenda. Lehenengo aldiz, hautagai taldea osatzeko prozesu irekia eta "parte hartzailea" egin du EH Bilduk, eta oro har, haren balorazio positiboa egin dute. Dena den, onartu dute oraindik badutela zer hobeturik, eta beraz, datozen urteetarako lehentasuna izango dute "gure oinarriarekin harremanak sendotu eta harremanetarako bide egokiak finkatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide