Azpeitiko Olazko Andre Mariaren plazan jarri berri duten haur parkeaz azaldutako iritzi desberdinen aurrean Azpeitiko Udalak hainbat puntu argitzeko ohar bate atera du. Haur parke berri baten beharra Alde Zaharra Biziberritzeko prozesu parte-hartzailearen barruan sortu zela esan du: "Udalari agertu zitzaion, Sanagustineko parke estalia beti erabiltzailez beteta egoten dela, haurrentzako jolaserako toki gutxi geldituz. Horregatik, txikientzako parke berri bat eskatu zen".
Haur parke berriaren kokapena ere, Alde Zaharra Biziberritzeko prozesutik proposatu zela esan du udalak: "Gainera, Olazko Andre Mariaren plazako merkatariek ere parke bat eskatuta zuten, eta udalak ontzat jo zuen kokapenaren proposamena".
Alde denen adostasunarekin jarri da haur parkea Olazko plazan, udalak nabarmendu duenez. Alde Zaharra Biziberritzeneko eta merkatarien onarpena zuten, eta plazako bizilagunen aldeko iritzia ere jaso zuten: "Etxepe guztietako arduradunekin bildu zen gaia azaltzeko, eta etxepeetako ordezkariekin bozketa egitea adostu zen, eta horrela egin zen. Denera, bizilagunen %62aren onespena jaso zuen plazako loraontzia kendu eta haur parkea jartzearen asmoak. Beraz, alderdi guztien onespenarekin ezarri da haur parkea".
Azpeitiko Udalak herritar guztientzako ateak zabalik dituela azpimarratu du, "azpeitiarren kexak eta iritziak entzun eta arazoei konponbidea emateko".