Hamaika eragile, baina bat eginda

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 27a

Azoka Herritik egitasmoak Azpeitiko eragile guztiak bildu ditu ‘Azpeitiko Taldeen Gidaliburua’ lanean. Horrez gain, agenda bateratua sortu dute, elkarlana errazteko asmoarekin.

Laurogei eragile bildu ditu Azpeitiko Taldeen Gidaliburua-n Azoka Herritik taldeak, udalaren laguntzarekin. Azpeitia udalerri aktiboa izaki, herriko taldeak biltzea eta haien arteko harremana «erraztea» da gidaren helburua. «Azpeitiko taldeen artean zubiak eraikitzen saiatu gara», azaldu dute taldeko ordezkariek. Azpeitiar askok ezagutuko dute Azoka Herritik urtean pare bat aldiz egiten den salerosketa komunitario eta jasangarri bezala, baina taldearen helburua «egitasmo iraunkorra» izatea da. Azokaren formatua ez dute baztertuko, baina urte osoan lanean diharduen ekimena da. Horren erakusle da, hain zuzen, atzo aurkeztu zuten gida. Gidaliburua plazaratzeko ere ekitaldi «berezia» egin du taldeak. Antzezlan bidez aurkeztu zituzten Ainhize Aldazabal eta Myriram Khihel aktore gazteek azken hilabeteetan eginiko lanaren fruituak. Gidaliburua eragileentzat eta herritarrentzat sortu dute. Batetik, eragileek harreman naturalak izan ditzaten; eta, bestetik, edozein herritarrek aukera izan dezan taldeak ezagutzeko, haiekin kontaktua egiteko eta herrigintzan parte hartzeko. Azoka Herritik-ek ikusi du Azpeitian badela «elkarlanerako gogoa eta indarra», eta hori bultzatu nahi izan du. Gaurtik aurrera ikusgai dago gida Uztarria.eus atarian.

Ezaugarri finkoak

Azpeitiko garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala sustatzeko lanean ari da taldea, eta bere estrategia da eragileen arteko harremana indartzea. Horretarako, ezaugarri finko batzuk zehaztu ditu: euskalduna, jasangarria, feminista, anitza eta solidarioa da. Gidaliburuan, hamalau alor banatu dituzte. Haien artean daude festak, ingurumena, euskara, gizartea edo kultura.

Eragileen neurriko agenda bateratua

Eragileen gidaliburuarekin batera, Agenda Bateratua aurkeztu du Azoka Herritik-ek. Herrian 80 eragile inguru egonda, behin baino gehiagotan gertatu da egun berean eta ordu berean ekitaldi mamitsuak antolatzea. Horregatik, indarrak aprobetxatzeko helburuarekin, eragileek kudeatu dezaketen Agenda Bateratua sortu dute Uztarria.eus atarian. Irailean bilera bat egin zuten herriko eragileek, eta beraiek ikusi zuten agenda bateratua sortzeko premia. Horregatik da, Azoka Herritiken aburuz, horren positiboa agendaren eraketa, eragileen ondorio bat delako, haiek eskatu dutelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide