Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaiak esan du Azpeitiko eragileekin bilduko dela

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 27a

Herriko gazteekin egin zuen lehen bilera, eta bide horri jarraitu nahi dio hemendik aurrera hautagai jeltzaleak.

Martxoaren 30ean, 31n eta apirilaren 1ean Azpeitiko kultur, gizarte eta kirol eragileekin bilduko da Aitor Gorrotxategi EAJko alkategaia, hala jakinarazi du azpeitiarrak. Haien errealitatea ezagutu nahi duela esan du Gorrotxategik, hurrengo urteetan sor daitezkeen planak, egitasmoak edo proiektuak aztertzeko. Eragileekin ez ezik, jakinarazi du Aste Santuetako oporretatik bueltan, herrigunean eta auzoetan bilerak egingo dituztela. EAJko alkategaiak adierazi du lan-taldea ari zaiola laguntzen programa prestatzen: "Emakume eta gizon inplikatuak dira, Azpeitiaren errealitatea ezagutzen dutenak, eta beraien herriaren alde konprometitzea erabaki dutenak".

Jokaera aldaketa

Gorrotxategik esan du bera arduratuko dela eragileekin harremanetan jartzeaz, eta haiekin hitzordua zehazteaz. Hark jokaera aldatu nahi duela esan du; horregatik adierazi du bera joango dela eragileen bileretara, eta prozesua ez dela alderantziz izango. “Jokamoldea aldatu nahi dut. Ez dut nik izan nahi bilerara deia egingo duena egun, toki eta ordu zehatz baterako, 'etorri nahi duena, etor dadila' formula zaharraren bidetik. Horrek ez du balio, eta are gutxiago interlokutore horiek, Azpeitiko kultur, gizarte eta kirol mugimendu indartsuaren benetako sortzaile direnak, bere denbora librea helburu horretara dedikatzen duten boluntarioak direnean”. EAJko hautagaiaren arabera, orain arte eginikoaren "jarraipena" da bilera zikloa. Azken bilera herriko gazteekin egin zuen; eta, Gorrotxategiren hitzetan, haiek erakutsi diete zein den beraien errealitatea eta ikuspuntua. Gaur egungo industriaren egoera dela-eta, gazteak langabeziak arduratzen dituela jakinarazi du. Horregatik “erakunde publikoen, ekintzaileen eta gizarte eragileen lan bateratuaren ondorioz etorriko den berreskurapen ekonomikoa" izango du xede EAJko alkategaiaren lanak. Honakoa adierazi du Gorrotxategik: “Gure ekintzaileak aitortzearen aldeko jarrera dugu, horiek baitira industria proiektuak gauzatzeko giltzarria, eta horien ondorioz sortzen baitira kalitateko lana eta ongizatearen bermea. Konfrontazioa eta kontsigna partidista eta hutsalak gainditu behar ditugu, eta proiektu partekatuen aldeko konpromisoaren kultura erreibindikatu. Esku irekiak nahi ditugu, ez ukabil itxiak”.

Ekarpenak egiteko

Ekarpena egiteko helbide elektronikoa eta telefono zenbakia jarri ditu EAJko alkategaiak. Helbide elektronikoa gorro.eaj.ekarpenak@gmail.com da, eta zenbakia, berriz, 688-69 16 10. Korreo botoari buruzko informazioa jasotzeko ere erabil daitezke bide horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide