Lan-mundua euskalduntzeko hitzarmena sinatu du Azpeitiko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 26a

Gaur egun, 29 enpresa edo erakundek dute ziurtagiria Azpeitian, eta Udalak 3.000 euro bideratu ditu hura hedatzeko.

Uztarria Komunikazio Taldea Azpeitiko Udalak hitzarmena dinatu du Bai Euskarari Ziurtagirien Elkartearekin, herriko esparru sozioekonomikoa euskalduntzeko helburuarekin. Horretarako, 3.000 euro bideratu ditu erakundeak, ziurtagiriaren hedapena gauzatzeko. Gaur egun, Azpeitiko 29 enpresek eta entitatek dute ziurtagiria, eta bide horri jarraitu nahi dio Udalak. "Programa ugari ditugu euskararen esparruan, eta hitzarmen hau beste pauso bat da bidean", esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Haren arabera, azpeitiarrek eskubidea dute "zerbitzu guztiak euskaraz" jasotzeko, eta hori bermatzea nahi dute. Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak ere nabermandu du herritarra dela egitasmoaren "azken helburua": "Egunaren herena lanean pasatzen dugunez, beharrezkoa da arlo hori euskalduntzen jarraitzea". Beraz, hiru urteko hitzarmena sinatu du Udalak Bai Euskarari-rekin. Han izan da Rober Gutierrez, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria ere. Urtean 3.000 euroko kuotaren trukean, Ziurtagiriaren Elkarteak deskontua aplikatuko die Azpeitian ziurtagiria eskuratzen edo berritzen duten entitateei. Gutierrezek esan du "eredu egokiak" direla Azpeitiko enpresak eta erakundeak, eta zorionak eman dizkie herriko ziurtagiridunei. "Guretzat ere oso garrantzitsua da euskararen presentzia bermatzea lan-esparruan", gaineratu du hark.

Nola lor daiteke ziurtagiria?

Oraindik Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu ez duten enpresak harremanetan jar daitezke Azpeitiko Euskara Patronatuarekin; izan ere, bertan jasoko dituzte argibideak izendapena eskuratzeko. Saezek esan du enpresa euskalduntzeko "gogoa" soilik dela beharrezkoa proiektuan parte hartzeko, eta Gutierrezek ere berretsi egin du adierazpena. Bai Euskarari-ko zuzendariaren arabera, hiru maila daude ziurtagiriaren baitan, eta "prozesu jarraia" da, beti dago zerbait hobetzeko. "Euskararen bidean", "Zerbitzua euskaraz" eta "Zerbitzua eta lana euskaraz" dira hiru koska horiek.

Ziurtagiria eskuratzeko arrazoiak

Honako arrazoiak azaldu dituzte Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko: 1. Euskal Herriko esparru sozioekonomikoa euskalduntzeko tresna da. 2. Bezeroek aukera dute enpresak bereizteko, eta zerbitzua euskaraz non jaso dezaketen jakiteko. 3. Merkatuan lehiakideengandik nabermentzeko aukera ematen du. 4. Euskararekiko konpromisoa adierazten du Ziurtagiriak. 5. Urratsak egiten ari diren entitateak identifikatu eta saritzen ditu.

Azpeitiko Ziurtagiriak

  1. Abelur Kooperatiba Elkartea (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  2. Agirre Oparidenda (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  3. Alberdi Farmazia (Euskararen bidean).
  4. Ametsa Kafetegia (Zerbitzua euskaraz).
  5. Antzibar S.A.U. (Zerbitzua euskaraz).
  6. Arrospide oinetakoak (Zerbitzua euskaraz).
  7. Bankoa S.A. (Zerbitzua euskaraz).
  8. Biur arropa-denda (Euskararen bidean).
  9. Edurne oinetakoak (Zerbitzua euskaraz).
  10. ELA Sindikatua (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  11. Electricidad Electronica Esnaola S.L. (Euskararen bidean).
  12. Eregi, Euskara eta Komunikazioa (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  13. Funeraria Carmona (Euskararen bidean).
  14. Garai ileapaindegia (Zerbitzua euskaraz).
  15. Giabeko E.M. (Zerbitzua euskaraz).
  16. GIFE (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  17. GOE (Zerbitzua euskaraz).
  18. HEBE (Zerbitzua eta lana euskaraz).
  19. Ilargi mertzeria (Zerbitzua euskaraz).
  20. J.B. Santesteban Harategia (Zerbitzua euskaraz).
  21. Juan Martin Intxausti Harategia (Zerbitzua Euskaraz).
  22. Kiruri Jatetxea (Zerbitzua euskaraz).
  23. Lagun Onak Mendi Bazkuna (Zerbitzua euskaraz).
  24. Loiola Sukaldeak (Euskararen bidean).
  25. Luba Aholkularitza (Zerbitzua euskaraz).
  26. Ongi-Etorri jatetxea (Zerbitzua euskaraz).
  27. Orbegozo autoak (Euskararen bidean).
  28. Otamendi Erloju eta Bitxi dena (Zerbitzua euskaraz).
  29. Uztarria Komunikazio Taldea (Zerbitzua eta lana euskaraz).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide