Herritar ugarik babestu du egitaraua (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Gure Esku Dago egitasmoa babestu dute arlo desberdinetako hainbat herritarrek, Garmendipe futbol zelaian eginiko agerraldian. Horrela eman dio egitasmoak hasiera Gure Esku Dagoren ziklo berriari; beti ere, beraien helburuei eutsita. Adierazi dute hainbat ekitaldi antolatu dituztela "herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko" eta "herritarrei eskumen hori gauzatzea dagokiela jakinarazteko". Horretarako, ordea, taldeak "ezinbestekotzat" jo du herritarrak saretzea, hau da, haiek ekitaldietan parte hartzea.
Joan den urtean atxikimendua emateko giza-kateko metroa eskuratu behar bazen, aurtengoan ohiala sortzea edo margotzea izango da bidea, ekainaren 21ean hautestontsi erraldioa eratzeko. Azpeitiko Gure Esku Dagok aurki irekiko du lokala atxikimenduak jasotzeko, joan den urteko toki berean, Foru Ibilbide kaleko 7. zenbakian.
Honako ekitaldiak antolatu dituzte:
Apirilak 11: Jostunak dokumentalaren emanaldia, Soreasu antzokian. Bideoak biltzen ditu Gure Esku Dago-ren ibilbidea, giza-katearen eraketa eta zenbait herritarren iritziak.
Apirilak 25: Ehuntzen Eguna, egun osoko aldarrikapen eguna. Euskal Herriko beste udalerri batzuetan ere ospatuko dute egun hori. Jostunak kaleetan bilduko dira, eta jai-giroa jarriko dute herrian.
Ekainak 21: Donostiako Anoeta futbol zelaian bilduko dira gipuzkoar guztiak, erabakitzeko eskubidea irudikatuko duen hautestontzi handia osatzeko. Horretarako erabiliko dituzte herritarren atxikimenduak, hau da, oihal-zatiak. Euskal Herriko bost futbol zelai nagusietan egingo dute ekitaldi bera.