Energia neurtzeko eta aurrezteko kanpaina bat abiatu dute Urola Erdian. Edonork parte har dezake elektrizitatearen kaxan kontagailua jarrita, eta doakoa da instalazioa eta aholkularitza.
Argitu egitasmoa aurkeztu dute Azpeitian, herritarrei gastu energetikoa murrizten laguntzeko. Horretarako, Urola Erdiko herritar boluntarioen etxeetako kontagailu elektrikoetan neurgailuak jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batek, eta horrek gastua neurtzen lagunduko die herritarrei. Neurgailuak ikusaraziko du noiz eta nola kontsumitzen den energia etxebizitza bakoitzean, eta zer modutara aurrez daitekeen kontsumoa.Hori ikusita, energia kontsumoa %10 eta %15 bitartean murrizteko aholkularitza eskainiko du Enerbyte enpresa katalanak garatutako aplikazioak. Neurgailuko datuak ordenagailuan edo sakeleko telefonoan izango dituzte herritarrek, eta automatikoki norberari egokitutako aholkuak jasoko dituzte. Instalazioa eta aholkularitza zerbitzua doakoa da.
Eskaera egiteko, zenbait baldintza bete behar dituzte etxebizitzek: Interneteko konexioa izan behar dute; ordenagailua, tableta edo mugikor adimentsua izan behar dute; eta urtebetez, gutxienez, ez dute aurreikusi behar etxez aldatzea. Izena www.argitu.eus helbidean eman daiteke.