Marka berria ezartzen saiatuko da Elena Congost korrikalari paraolinpikoa
(Hitza)
Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren atarian, korrikalari azkoitiarra nor zen azalduko diete bihar eta ostiralean umeei. Lasterketaren antolatzaile Xeye Atletismo taldeak Garciaren bizitza eta nondik norakoen inguruko hitzaldiak eskainiko dizkie Azkoitiko eta Azpeitiko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako umeei, eta korrikalariaren "izaera eta kirol bizitza" gogoratuko dute. Era berean, lasterketaren sorreraz ere hitz egingo dute. Bihar (osteguna), Azkoitiko Elkargunean izango da hitzaldia, 11:30ean, eta ostiralean Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean egingo dute, 11:00etan.
Umeek eliteko korrikalariekin hitz egiteko aukera ere izango dute hitzaldietan, gaur arratsaldean baitira iristekoak lehenengoak. Besteak beste, Emmanuel Beth eta Thomas Ayeko dira gaur iristekoak, baina antolatzaileek adierazi dute bihar eta etzi iritsiko direla gehienak. Horien artean izango dira Samuel Theuri Mwaniki, Erick Kimaru Tirop, Stephen Omiso Arita, John Kemboi, Monica Jepkoech, Dawit Wolde, Zewdenesh Ayele, Edwin Kipsang eta Justus Kangogo.
Beste urte batez "goi mailako markak" ikusteko moduko korrikalariak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, horien helburua baita bi errekorrak haustea. "Erronka zaila da, baina posible da". Hain zuzen, Elena Congost atelta paraolinpikoa munduko maratoi erdiko marka berria ezartzeko asmoz joango da Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdira. Otsailaren 16an munduko errekorra ezarri zuen Bartzelonako Maratoi Erdian, 1:23:30 denborarekin. Horrez gain, Londresko Olinpiar Jokuetan zilarrezko domina lortu zuen, eta munduko txapelketetan "podium garrantzitsuak" lortu ditu.
Antolatzaileek joan zen astean egin zuten prentsaurrekoan jakinarazi zituzten korrikalariez gain, beste hainbat izen aipatu dituzte larunbateko saiorako; hala nola, iaz erbi lan "bikainak" egin zituen Moses M Kurong ugandarra eta "Espainiako Estatuko korrikalari onenetakoa" den Javi Guerra azpimarratu dituzte, Ivan Fernandez eta Lolo Penasekin batera.
Ostegun gauerdian amaituko da izena emateko epea, eta Xeyeren arabera "gertu" dute 1.000 korrikalariko muga. Maratoi erdirako 1.300 dortsal salduko dituzte, eta izena www.azkoitia-azpeitia.com helbidean eta Azpeitiko Robers Kirolak eta Forum Sporten, Azkoitiko Plaza Berri Sporten, Donostiako Robers Kirolaken eta Usurbilgo Forum Sporten (Urbil) eman daiteke. Atletismoan federatuta daudenek 26 euro ordainduko dituzte, eta federatu gabekoek 30 euro. Lasterketa herrikoirako, berriz, korrikalariek 15 euro ordainduko dituzte, eta patinatzaileek 17 euro. Larunbatean, 16:30ean hasiko da maratoi erdia, Azkoitiko Julio Urkijo kaletik, eta korrikalariek 21 kilometro egingo dituzte betiko ibilbidean. Lehenengo, ordea, proba herrikoia hasiko da, 7,5 kilometrotako ibilbidearekin; patinatzaileak 16:10ean abiatuko dira, eta korrikalariak bost minutu geroago. Antolatzaileek proban parte hartzera eta "atleta handiekin" batera korrika egitera animatu dituzte herritarrak.