Andoni Azpillaga: "Gaur egun nire bizitza osoa eta irteerak txakurren jiran dira"

Nerea Uranga 2015eko martxoaren 25a

Txakur Leren Munduko Txapelketan bigarren egin du Andoni Azpillagak (Azpeitia, 1967). Gustura dago emaitzarekin, baina berak hezten dituen txakurrak gehiago egin dezaketela dio. Azpeitira etorritako batean egon da Urola Kostako HITZA lera gidariarekin. Vaquèira-Beret-en (Katalunia) bizi zara gaur egun. Azpeitira gutxi etortzen zara. Oso gutxi etortzen naiz, eta  egun bat edo birako. Txakurrak hazten, hezten eta entrenatzen lan egiten dut han, Vital Dent taldearentzako. Behin enpresa horretako gizona azaldu zen, txakur leran lehiatu nahi zuen, baina   astirik ez zeukan, eta ni hasi nintzen harentzat lanean. Aukera ona sortu zitzaidan. Orduan, afizioa ofizio? Zortez hala da, bestela txakur leran jardutea oso zaila da. Orain 33 txakur ditut, leran lehiatzeko bi talde berdintsu egiteko adina. Irailetik martxora bitartean txakurrekin egunero entrenatzen dut, eta uda aldera txakurkumeak ateratzen ditut, kumealdiren bat beti izaten da. Batzuk aurrerako uzten ditut, eta beste batzuk saldu egiten ditut. Gaur egun nire bizitza osoa eta irteera denak txakurren jiran dira. Martxoaren 1etik txakur leran esprintean munduko bigarren onena zara. Hala da. Iaz Espainiako txapeldun gelditu eta Munduko Txapelketa jokatzeko aukera lortu nuen. Alemanian jokatu da, eta esprinteko mailan bigarren egin dut, oso gustura nago. Hara alemaniarrak, norvegiarrak... ni baino hobeto ibiliko zirela pentsatuz joan nintzen. Hala ere, nire txakurrak gehiago egiteko gai direla pentsatzen dut. Zergatik diozu hori? Txakurrak han oso ondo ibili ziren, baina gehiago eta hobeto ibiltzen dira etxean, entrenamenduetan. Uste dut aurten aurrena egin duen horri [Detlef Oyen alemaniarra], datorren urtean, Europakoan, egurra emateko gai izango naizela. Bestela nola joan zitzaizun munduko txapelketa? 20 kilometroko hiru etapa genituen; ostiral, larunbat eta igandean bana. Hamabi txakurrekin aritu nintzen; hamalau eraman nituen, baina bi herrenarekin zeuden. Aurreneko etapan lehenak 45 segundo atera zizkidan; bigarrengoan 40 eta hirugarrengoan 40; 20 kilometroko distantzian ez da asko. Txakurrek gehiago eman dezakete, baina Alemaniara bakarrik joan nintzen eta 14 txakurrentzako atoi txikiegia eraman nuela uste dut, eta txakurrek bidaia oso eroso ez zutela egin. Etxean, berriz, 30 kilometroko entrenamenduak egiten ditut, eta gehiago egiteko gogoarekin gelditzen dira. Lera denboraldia bukatzear da, baina hurrena zer egin nahi duzu? Datorren urtean Polonian hamabost eguneko lasterketa polit bat dago, eta hara joateko asmoa dut. Gero, handik zuzenean Europako txapelketara joan nahi dut Suediara. Otsailean da Poloniakoa, eta hura Europakorako entrenatzeko egin nahi dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide