Eider Alkorta, Eneko Etxeberria eta Joseba Zalakain, ikerketaren aurkezpenean. (E. Albizu Lizaso)
Azpeitian, %15ekoa da pobrezia arriskua; eta %4,7koa, berriz, pobrezia larriaren tasa. Pobrezia, bazterketia eta mendekotasuna neurtu ditu SIIS fundazioak Azpeitian, herritarren egoera ezagutzeko eta, diagnostiko horretan oinarrituta, Udaletik estrategia bat eratzeko. Neurketa egiteko, ikerketa-teknika kuantitatiboa eta kualitatiboa erabili ditu fundazioak. Inkesta bidez egin dute zati kuantitatiboa. Horretarako, 460 familiarekin egon da SIIS, hau da, 1.200 herritar ingururekin. Metodo kualitatiboari dagokionez, herriko hamabost eragilerekin elkarrizketak egin dituzte: bi ikastetxerekin, Baigerarekin, Caritasekin, Elkar-ekinekin, San Martin egoitzarekin, Biharko talde soziosanitarioko kideekin, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileekin, Gaztelekuko arduradunekin, Parekidetasun sailekoekin, Atzegirekin, buruko gaixotasunak dituzten pertsonen ordezkariekin, Osakidetzarekin, Iraurgi Berritzenekin eta Lanbiderekin. Bi azterketa modu horiek batuta, ikerketa «osoa» egitea lortu dute. Udalak eta fundazioak nabarmendu dute krisiak ez duela eragin gaur egungo pobrezia, «lehen pobreak zirenak pobrago izatea» baizik.
Pobreziaren aldaerak
Pobrezia tasa kalkulatzeko, etxebizitzara sartzen den dirua eta bertan bizi diren kideen kopurua hartu dute kontutan. Hori horrela, muga bat ezarri dute pobrezia larrian dauden familiak zein diren zehazteko:
lau pertsonako etxebizitzetan, 1.100 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiak dira pobrezia egoera larrian aurkitzen direnak. Egoera horretan daude, hain zuzen,
Azpeitiko herritarren %4,7. Halere, alderaketak egiten hasiz gero, SIIS-eko ordezkari Joseba Zalakainek adierazi du Gipuzkoakoa, Euskal Autonomi Erkidegokoa eta Espainiako estatukoa baino tasa baxuagoa dela.
Ildo beretik, esan dute
Azpeitiko etxebizitzen %10,9k dituela arazoak, oro har, hilaren amaierako gastuak ordaintzeko. «Tasa hori ere Gipuzkoakoa eta EAEkoa baino baxuagoa da, baina herritarren hitzetan oinarritutako ikuspegia da», azaldu du Zalakainek. Diru falta dela-eta, murrizketak aisian eta gastu energetikoetan egitea erabaki dute azpeitiar gehienek. Hilaren bukaerara iristeko zailtasunei buruz, zifra hauek atera dituzte.
- Hilaren amaierara nekez iristen diren familiak: %3,2. 181 familia. 354 pertsona.
- Hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztenak: %7,2. 403 familia. 1.234 pertsona.
- Hilaren amaierara iristeko zenbait zailtasun izaten dituztenak: %21,4. 1.190 familia. 3.104 pertsona.
- Hilaren amaierara iristeko nolabaiteko erraztasuna dutenak: %42,6. 2.370 familia. 6.146 pertsona.
- Hilaren amaierara erraz iristen direnak: %21,8. 1.213 familia. 3.146 pertsona.
- Hilaren amaierara oso erraz iristen direnak: %3,7. 208 familia. 585 pertsona.
Ikerketa kualitatiboaren emaitzei erreparatuz gero,
eragileek ere nabarmendu dute aisian, kalean, tabernetako kontsumoan edota energiaren inbertsioan ikusi dela pobreziaren eragina. Familiaren babesa ere aipatu du Eider Alkorta politologoak: «Elkarrizketetan behin eta berriz irten da familiaren babesa. Pobrezia mota batzuk ez dira hain agerikoak etxekoek ekonomikoki edo zaintza aldetik laguntzen dietelako familiakoei». Langabeziak eragiten du pobrezia, eragileen aburuz, baina «ez da faktore bakarra».
Lanaren prekarietatea, etxebizitzen kostua edota imigrazioa ere aipatu dituzte elkarrizketatuek pobreziaren garapeneko faktore gisa.
Gizarte bazterketa
Gizarte bazterkeria neurtzeko, egoera ekonomikoaz gain, beste aldagai batzuk ere izan dituzte kontuan; besteak beste, formazioa edo harreman sozialak. Inkestek erakutsi dute
azpeitiarren %5,1 aurkitzen dela gizarte bazterkeria larrian, hau da, 746 pertsona; bazterkeria moderatua, berriz, %7,3k pairatzen du, 1.071 pertsonek. Kasu honetan ere, Gipuzkoan, EAEn eta Espainian baino txikiagoa da.
Gizarte bazterketaren harira, adineko pertsonen egoera nabarmendu dute ikerketa kualitatiboan. Izan ere,
65 urtetik gorako 400 pertsona inguruk arazoak dituzte eguneroko jarduerak naturaltasunez egiteko. Elkarrizketatuek esan dute «beharrezkoa» dela «bizitza normalizatuaren aldeko pausoak» ematea, batik bat, adinekoei, adimen urritasuna dutenei edo buruko gaixotasunak pairatzen dituzten herritarrei begira. Hori dela-eta eskatu dituzte bizitza aktiboa izateko egitasmoak martxan jartzea, etxez etxeko zaintza sustatu eta arautzea, egoitzentzat alternatibak aztertzea, buruko gaixotasunen inguruko kanpainak sustatzea, boluntarien parte-hartzea areagotzea edota pisu tutelatuak ugaritzea.
Talde kaltetuak
Krisiak eta pobreziak, ordea, ez diete eragin modu berean herritar guztiei, eta fundazioak talde kaltetuenak identifikatzeko saiakera egin du ikerketaren bidez. Kasu horretan, gainera, emaitza kuantitatiboek, inkestetatik ateratakoek, eta kualitatiboek, elkarrizketa bidez lortutakoek, bat egin dute ondorioetan.
Etorkinen ia herena dago pobrezia larrian, beraz, beraiek dira krisi ekonomiko eta sozialaren kalteak gehien sufritu dituztenak. Ondoren daude haur eta gazteak eta langabetuak. Adibidez, zenbatu dute etxeko guztiak langabezian dituzten familien %21,9 pobrezia larrian daudela; %29,7k gabezia materialak dituzte; eta familia horien %44,3k pairatzen dute bazterketa.
Elkarrizketatuek kezka adierazi dute langabetuez eta lan prekarioak dituzten pertsonez. Batik bat, formazio urria duten pertsonez eta 50 urtetik gorakoez mintzatu dira. Etorkinak ere gogoan izan dituzte; izan ere, haei familiaren laguntza eta babesa falta zaizkie aurrera egiteko. Gazteak, adinekoak eta emakumeak dira beste talde kaltetuak elkarrizketatuen ustez. Emakumeen arazoa, gainera, transbertsala da: etorkinen, langabetuen eta adinekoen artean, emakumeek pairatzen dituzte egoera txarrenak.
Azpeitiko Udalak «inoiz» ez ditu eskura izan horrelako datuak; hemendik aurrera, pobreziaren aurkako estrategia eratzeko txostena kontuan izango dutela jakinarazi du Eneko Etxeberria alkateak. Hala ere, Etxeberriak azaldu du, lehendik ere ari direla lanean krisi ekonomikoari eta langabeziari aurre egiteko. Ekonomia sustapen plana edo ekintzaileentzat diru-laguntzak aipatu ditu hark: "Iruditzen zaigu herritarrak ez direla gerturatzen gizarte zerbitzuetara. Again, ez dakite zer laguntza jaso ditzaketen, eta ate irekiak egin direnean, egia esan, ez dira azpeitiar asko gerturatu".