Azpeitian Lan eta Bizi dinamikakoek atzo Azpeitiko Laboral Kutxaren bulegoan egindako ekintza.
Azpeitian Bizi eta Lan dinamikak Miren Peñaren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko (martxoak 23, astelehena) Laboral Kutxak Azpeitian duen bulegoaren aurrean, Artzubiko biribilgunean. 19:00etan da. Miren Peña Antsoainen (Nafarroa) bizi zen eta 43 urte zituen.
"Ezer baino lehen une latz hauetan gure berotasuna helarazi nahi diegu Mirenen senideei eta lagunei. Orain dela bi urte langabezian gelditu ondoren etxea galtzeko arriskuan zegoen Miren, eta pasa den ostiralean Laboral Kutxatik jasotako gutunak bere esperantza txikiak itzali zituen. Bere zorra berrikusteko eskaera egina zuen Mirenek, ordaintzeko ezintasuna argudiatuta. Baina Laboral Kutxako arduradunek ezezkoarekin erantzun zioten bere eskaerari", azaldu dute Azpeitian Bizi eta Lan dinamikakoek.
Haien esanetan, Miren Peñaren heriotza gaur egungo "errealitate gordinaren" erakusle da: "Nafarroan izandako ustelkeria kasuen beste aurpegia da Mirenen kasua, batzuen aberastasun eta dirutzen ondoan milaka herritarren miseria ekarri duen ereduarena hain zuzen".
Egoera iraili eta eredu justu baten alde lan egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute: "Langabeziak eta etxegabetzeek hil egiten dute, eta guk duintasunez bizi nahi dugu".