Pasaiako segada argitzeko dagoela gogorarazi dute Azpeitian, 31. urteurrenean

Nerea Uranga 2015ko mar. 22a, 14:28

Gaur, martxoak 22, 31 urte dira Pasaiako badian Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu iruindarrak tiroz hil zituztela. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren laurak. 31 urte pasatu eta gero kasua argitzeko dagoela nabarmendu dute azpeitiarren senideek gaur Azpeitiko udaletxeko arkupetan egindako ekitaldian. Lauren artean 113 bala zulo zituzten. "Denok dakigu zer gertatu zen, baina oraindik ez da argitu", esan du Arantxa Isartek gaur, eta "Pasaiako sarraskia argitzeko" eskatu dute. Udaletxeko arkupeak jendez bete dira ekitaldirako."Akordatzen al zarete nolako gaua zegoen? Akordatzen al zarete zer haize zebilen? Akordatzen bezperan zer afaldu genuen? akordatzen al zarete? Eta orduan ez zeuden asko han dira orain edo hemen daude. Eta orduan izuak barrua janda ibili ginenak indartsuago gaude orain hosto berriz...", Nekane Zinkunegi bertsolari eta kazetariaren hitzekin hasi da, kitarra doinuak lagunduta. Gero, besteak beste, senideez gainera azpeitiarrak hil zituztenean, orain dela 31 urte bertsoak kantatu zituzten Jexux Mari Lopetegik eta Jose Mari Altunak parte hartu dute, orduko bertsoak abestuz, eta orduko hartan dantza egin zuen Joxe Aiertzak aurreskua egin du. Joseba Segurola Xegu preso azpeitiarra ere ekarri dute gogora. Bihar, martxoak 23, 10 urte beteko dituelako kartzelan. "Bada garaia alde guztietako sufrimenduekin bukatzeko", nabarmendu dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide