Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a harri jasotzailea omendu dute arratsaldean Loiolan, San Jose festen barruan egin duten herri kirol jaialdian. 23 urtetan parte hartu izan du azkoitiarrak Loiolako festetan, eta beste hainbatetan antolatzen lagundu ere izan du. Abuztuan utzi zion harri jasotzeari, eta egindako lanarengatik jaso zuen aitortza azkoitiarrak. Omenaldia baino lehen, urduri zen Goenatxo II.a, baina gustura ere bai, merezita izan zuelako aitortza: «Horrenbeste urtetan ibili eta gero, ez nau harritu omenaldia jasotzea», adierazi dio UROLA KOSTAKO HITZAri. «Etxeko giroan» sentitu izan da Loiolan, eta beretzat «festa bereziak» direla azpimarratu du.
38 urtetan ibili da harri jasotzen, eta iazko andramarietan eskaini zuen azken erakustaldia: «Lanak ordu asko kentzen dit, eta harri jasotzeak prestakuntza handia eskatzen du». 55 urterekin, gainera, «lagatzeko unea» iritsi zaiola uste du. Egun, semeari laguntzen aritzen da. Hain zuzen, gaurko erakustaldian izan da bere seme Goenatxo III.a, Guztarekin batera, eta Xabier Orbegozo Arriya V.a eta Mikel Larrañaga aizkoran aritu dira. Gonbidatu bezala, berriz, Ostolazak, Jokin Eizmendik, Idoia Etxeberriak, Aimar Galarragak eta Aimar Irigoienek osatu dute erakustaldia. Eguerdian bezala, jendetza elkartu da Loiolan, eta berandu hasi bada ere, saio entretenigarria eskaini dute guztiek. Herri kirol saioa amaitu ondoren omendu dute Goenatxo II.a.
Hemen irudiak: