Hassan Oubalaou, Tayna de Sousa eta Mohamed Larrosi, Alde Zaharrean (E. Albizu Lizaso)
Sorterria utzita bidaiatu zuten Azpeitira Tayna de Sousak, Hassan Oubalaouk eta Mohamed Larrosik. Brasildik, Marokotik eta Saharatik etorri dira, hurrenez hurren, "baldintza duinagoetan" bizitzeko asmoarekin.
Azpeitiko hiru lagunok bezala, ehundaka dira Urola Kostan bizi diren etorkinak, eta Euskal Herritik kanpo jaiotzeagatik "zenbait traba" izaten dituzte egunerokoan, batik bat, lana aurkitzerakoan. Krisia eta migrazioa askotan uztartu izan dira inguruotan, eta estereotipo horiek haustea nahi du martxoaren 21ak, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunak. Hori dela-eta, Elkar-ekin taldeak "argazki erraldoia" ateratzeko deia egin du, gaur 19:30ean, Perez Arregi plazan; alegia, Etxe Zuri tabernaren pareko plazan. Deialdiarekin bat egin dute Azpeitiko dozena bat eragilek eta taldek.
Usteak eta errealitatea
Elkar-ekin taldeak salatu du Azpeitian bertan badirela etorkinen aurkako "aurreiritzi eta jarrera desegokiak". Izan ere, uste askoren kontra, gehienetan, ez da izaten etorkinen hautua beraien herrialdea utzi eta toki ezezagun batera bizitzera joatea. Hala azaldu du Hassan Oubalaou marokoarrak: "Hemen krisia dagoela esaten dute, eta egia da. Baina gure herrialdean ere lan gutxi dago, eta pobrezia handia da". Bera, adibidez, ileapaintzailea da, Marokon egin zituen ikasketak, baina edozer lan egiteko prest dago hemen. Brasilgo De Sousak, berriz, sei urte daramatza herrian "lan xumeren baten bila"; eta, zerbait aurkitu bitartean, ikastaro bat egiten hastekoa da.
Bestalde, Mohamed Larrosi erizaina da. Erizaintzako ikasketak egin, eta txertoetan espezializatu zen. Saharan zazpi urtez egin zuen lana, kanpamendu bateko ospitalean. Bi urte daramatza Azpeitian, eta lana aurkitzeko zailtasuna da bere arazo larriena: "Pertsona guztiak berdinak garela esaten dugu, baina lana egiterakoan, hemengoek dute lehentasuna. Nik hori ulertzen dut, ez baitut euskaraz hitz egiten bertakoek bezala".
Hirurek esan dute badakitela euskara "beharrezkoa" dela Azpeitian, lanerako eta harremanak egiteko. Haien arabera, Azpeitian hamar pertsonatik zortzi entzuten dituzte euskaraz mintzatzen kalean, eta horregatik hartu zuten hirurek hizkuntza ikasteko konpromisoa.
"Arrazakeriaz hitz egiteko bildu gara, baina arraza baino gehiago, hizkuntza da gure arazoa", esan du Saharako Larrosik. Arazoa baino gehiago, hutsunetzat hartzen dute euskara ez jakitea hirurek: "Euskara ikasita, errazago gerturatuko gara Euskal Herriko historiara eta kulturara, errazago biziko gara hemen, hori falta zaigu".
Oro har, eroso sentitzen dira Azpeitian hiru lagunak, eta herritarrek "ahal duten guztia" laguntzen dietela pentsatzen dute. "Azpeitiarrak jende ona dira, nahiz eta itxi samarrak izan. Guk ikusten dugu dagoeneko oso finkatuta dituztela beraien harremanak, ohiturak eta zirkuluak, eta ulertzen dugu hori", dio Larrosik. De Sousak gehitu du bera ez dela sentitzen diskriminatuta herritarren artean, baina zaila dela "lotura sendoak" egitea herrian. Horrez gain, erakundeen aldetik ere "babesa" sentitzen dutela esan du Larrosik: "Ohiko diru laguntzez gain, Azpeitiko Udalak ordaintzen dizkit nire euskarako eskolak, eta laguntza handia da hori guretzat".
Mehatxatuta sentitzen ez badira ere, beharrezkoa da arrazakeriaren eta xenofobiaren eguna aldarrikatzen jarraitzea De Sousaren, Larrosiren eta Oubalaouren ustez, herritarren artean gaiaz hitz egitea "oso garrantzitsua" dela ikusten dutelako. Hirurak joango dira gaur argazki jendetsura, eta "ahalik eta herritar gehienek" parte har dezaten eskatu dute.
Hirurek erakutsi dute Azpeitian bizitzeko grina. Etorkizun hobe baten bila etorri ziren Euskal Herrira, eta ez dute etsi. Etxe batean bezala, denek erraztu behar dute elkarbizitza herrian ere.
-
Korrika nazioarteko egunarekin lotuko du Zarauzko Udalak
Igandean igaroko da Korrika eskualdeko herrietatik, eta aurreko eguna, larunbata, egokitu da Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Bi egunak lotu nahi ditu Zarauzko Udalak. Hala, udalari dagokion kilometroan testigua Zarautzera etorri eta euskara ikasten ari diren etorkinek eramango dute. Gaur eguerdian emango ditu udalak erabaki horri buruzko azalpenak prentsaurrean, eta aurreratu dutenez, prentsaurreko horretan izango dira testigua eramango duten herritarrak eta baita euskaltegietako kideak ere.