Pasaiako segadaren urteurrenean, "erantzukizunak eskatzeko" exijitu dute azpeitiarrek

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 13a

31. urteurrena izango da martxoaren 22an, eta egitaraua aurkeztu dute Azpeitian. Dagoeneko ikusgai dago Sanagustin kulturgunean segadaren inguruko erakusketa.

E. Albizu Lizaso Pasaiako segadaren 31. urteurrena izango da martxoaren 22an, igandean, eta agerraldia egin dute zenbait azpeitiarrek, "erantzun behar dutenei erantzukizunak eskatzeko" exijituz. 31 urte igaro ostean, oraindik ez da argitu Pasaiako segadan gertaturikoa, eta hori bera salatu dute azpeitiarrek: "Bertsio ofizialak tiroketa bat izan zela dio, baina hamaika arrazoi ditugu hori horrela izan ez zela pentsatzeko". Pasaiako sarraskian hildako pertsonen artean zeuden Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta haiek "Azpeitiko historiaren zati" direla esan dute agerraldian izan diren senideak eta herritarrak. Pasaian gertatutakoari erantzun bat ematea galdegin dute, hildakoen familiari eta herriari "erantzuna zor" zaiolako. "Belaunaldi askotako herritarrak bildu gara hemen; batzuk oraindik jaio gabe geunden gertakaria jazo zenean, baina guztiok oroimenean ditugu, eta ez dugu egia aurkitu arte etsiko", adierazi dute. Martxoaren 22ko gertakarien harira, honako egitaraua prestatu dute:
  • Martxoaren 6tik 22ra, erakusketa Sanagustin kulturgunean.
  • Martxoaren 18an, 12:00etan, ikasle mobilizazioa eta gertakarien azalpena senideen eskutik, Sanagustineko erakusketan bertan.
  • Martxoaren 22an, 12:30ean, ekitaldia Enparan liburutegi atzean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide