Azpeitian Bizi eta Lan egitasmoak deituta, Forum kirol-dendaren irekiera salatzeko protesta ekitaldia egingo dute asteartean, 19:00etan, Forum dendaren aurrean (Loiolan).
Gure merkataritza eredu txikia eta herrikoia lelopean egingo dute elkarretaratzea herritarrek.
Elkarretaratzearekin, saltoki horiek herri txikiei egiten dieten kalteaz ohartarazi nahi du Azpeitian Bizi eta Lan-ek: "Helburu ekonomiko hutsen arabera mugitzen diren saltoki haundien beharrik ez dugu herrian, horiek ez datozelako herritarrok ditugun beharrei erantzutera". Taldeko kideek azaldu dutenez, Azpeitiko merkatari txikiek ezingo dute Forumen publizitate kanpainei aurre egin, eta "kalte izugarria" eragingo dio tokiko merkataritzari. Ordutegiari dagokionez ere, esan dute Jaurlaritzaren "ordutegien liberazioa" dela-eta, kalteak eragingo dizkiela Azpeitiko dendei.