San Jose trikiti jaialdiko sarrerak bihar jarriko dituzte salgai

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 11

Azpeitian Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabalen erosi ahal izango dira; Azkoitian, berriz, Ixidro erretegian.

Martxoaren 21ean, igandean, egingo dute San Jose trikiti jaialdia, Azpeitiko Soreasu aretoan, 17:30etik aurrera. Hara joateko sarrerak bihar, osteguna, jarriko dituzte saldai ohiko tabernetan, hau da, Pastorkuan, Ametsan eta Mendizabalen, Azpeitian; eta Ixidro erretegian, Azkoitian. Sarrerak erreserbatzeko aukera ere emango dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen bitartez. Horretarako, mezua bidal daiteke trikitixa@trikitixa.net helbidera, edo honako telefono zenbakietara dei daiteke: 669-36 34 92 edo 657-70 42 17. Erreserbatutako txartelak egunean bertan hartu behar dira, 16:00etatik 16:30ak bitartean. 16:30erako jasotzen ez dituzten sarrerak salgai jarriko dituzte. San Jose trikiti jaialdiak urtero izan ohi du berezitasunen bat; izan ere, omenduen edo gai jakinen bueltan antolatzen du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak saioa. Aurtengoan belaunaldi desberdinak jarri nahi izan dituzte oholtza gainean, garai desberdinetan jaio arren, trikitilari guztiek "guza bera" jotzen dutelako. Horren erakusle da trikitia eta panderoa joko duten musikari helduenaren eta gaztetxoenaren artean 80 urteko aldea dagoela. Vitoriano Loiola Ospas izango da trikitilari zaharrena, 89 urterekin; eta gazteenak, berriz, Aiako eta Getariako Libe eta Udane 8 urteko musikariak. Haiez gain, honakoek parte hartuko dute jaialdian: - Ospas eta Janire. - Martin eta haren taldea. - Zabaleta eta Motriku. - Laura Apeztegia eta Begoña Alzugaray. - Leire Zumeta eta Amaia Arza. - Libe eta Udane.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide