‘Bizi’ egitasmoa aurkeztu dute, etxebizitza alternatibak lantzeko

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 11

Azpeitiko zenbait gaztek sortutako proiektua da, eta hainbat eragilerekin landu dute etxebizitza alternatiben gaia; eztabaidarako zenbait ideia dituzte jada.

«Gazteen etxebizitza eskubidea errealitate bihurtzeko» eta alternatiba berriak bultzatzeko asmoarekin, Bizi egitasmoa sortu dute Azpeitiko zenbait gaztek. Horretarako, herritar talde bat lanean ari da Azpeitiko eragileekin eta norbanakoekin «bizi eredu berriak» aztertzen eta proposamen zehatzak prestatzen. Bizi egitasmoa Azpeitiko gazteen bizi baldintza mugatuetatik abiatuta sortu da. Ordezkariek azaldu dutenez, langabezi tasa handia dago herrian, eta lana aurkitzen dutenek ere, oro har, aldi baterako eta baldintza kaskarretan onartu behar izaten dituzte eskaintzak. Horri gehitu behar zaizkio, haien arabera, hezkuntza erreforma eta esparru horretan eginiko murrizketak. «Ez dirudi, gainera, gazteon egoera sozioekonomikoak hobera egingo duenik datozen urteetan», nabarmendu dute. Hori dela-eta, beharrezkotzat jo dute hausnarketa egitea, eta bizi baldintza duinak izateko «alternatibak aztertzea». Bizi egitasmoko kideen hitzetan, bizi eredu berri bat bultzatu nahi du dinamikak. Beraz, ez dute beraien lana mugatu nahi herriko etxe hutsak betetzera edo udalaren eraikinak egokitzera. Hemendik aurrera landu beharreko filosofia zehaztu nahi du Bizi-k, «merkatuen politiketatik kanpo» dagoen bizimodua. Proposamenak Bizi eredu berriak proposatu nahi badituzte ere, dagoeneko zenbait proposamen zehatz ere badituzte esku artean egitasmoko kideek. Esate baterako, udal eraikinak gazteentzat etxebizitza gisa egokitzea proposatu dute. Izan ere, ordezkarien arabera, eraikin huts asko daude herrian. Bestalde, diru kontuak nabarmendu dituzte: «Gure ustez diruak ez luke muga izan behar, ordaintzeko beste formulak badaudelako». Haien artean, lan sozialak lehenesten ditu Bizi egitasmoak. Proiektuaren sustatzaileek esan dute ez direla ari «esperimentu berri bat» proposatzen, Errezilgo Mediku Etxean ere halako zerbait egin baitute dagoeneko. «Dena erabakitzeko» dagoela aldarrikatu dute: zer eraikin erabil daitezkeen etxebizitza bezala egokitzeko, nola finantzatuko diren nahiz zer sistemarekin hauta daitezkeen. Etzabaidarako bilera Etxebizitza eskubidea gai hartuta, bilera bat egingo dute gazteek larunbat honetan, hilaren 14an, 11:00etan Sindikatu Zaharrean. Batzar horretan proiektuaren oinarriei buruz eztabaidatuko dute. Hori dela-eta, Azpeitiko gazte guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide