Bidegi auziaren baitan, "diru publikoaren erabilpen okerra" salatu du Permachek Azpeitian

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 11

Non dago gipuzkoarren dirua? lelopean elkarretaratzea egin dute Azpeitian, Gipuzkoako EH Bilduk deituta. Izan ere, Bidegi auziko hiru auzipetuk deklaratu dute herriko epaitegian. Bertan izan da Joseba Permach Sortuko bozeramailea, eta "diru publikoaren erabilpen okerra" salatu du hark. Epaitegietan diru publiko horrekin zer gertatu den ikertzen ari direla esan du Permachek, eta nabarmendu du beraiek ikerketa horren "alde" daudela. "Ikerketa juridikoa eta penala egiteaz gain, garrantzitsua da azpimarratzea ardura politikoak daudela kasuan", esan du. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Eneko Goia errepideetako arduraduna aipatu ditu Sortuko bozeramaileak. Permachen arabera, gertatutakoa ikertzeko "borondate eza" ari dira erakusten haiek. Bestalde, Andoni Ortuzar EAJko lehendakariari mezua helarazi dio Permachek. Sortuko bozeramailearen arabera, Ortuzarrek adierazi zuen opozisioa exajeratzen ari zela "ustelkeria kasu gutxi batzuekin", eta Permachek erantzun dio "denbora asko" beharko lukeela kasu horiek guztiak zenbatzeko. Honakoa adierazi du Permachek: "Guretzat benetan exajeratua dena da batzuek diru publikoarekin egin duten erabiltzen okerra. Herri honetan, pertsona batzuei, adibidez Cabiecesi, hilean 6.000 euro eman zaizkie ezer ez egiteagatik; herri honetan, diru publikotik milioiak eman dira inoiz agertu ez den auto elektrikoa finantzatzeko; herri honetan, agertu ez diren lur mugimenduengatik milioiak pagatu dira; herri honetan, merkatuko prezioen gainetik alokairuak ordaindu dira; herri honetan, Urtxoegia kasua eta de Miguel kasua berriro ere artxibatu egin dira… Horrelako gauza gehiegi daude; gainera, esateko gure jarrera exajeratua izan dela". Beraz, eskatu du "gardentasunaren aldeko" apustua egitea, eta ikerketa ez oztopatzeko: "Herritarrek eskubidea dute diru publikoarekin egin dena garbentasun osoz ezagutzeko".
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide