Aitzol Atutxa II.ak eta Ugaitz Mugerza II.ak irabazi dute gaur, igandea, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu den Eusko Label Txapelketako Urrezko Aizkorako finala. 25 minutu eta 20 segundotan bukatu dituzte lanak joan den urteko irabazleek, eta minutu bat eta 39 segundo gehiago behar izan dituzte Jon Rekondok eta Ander Erasunek. Bi bikoteek hamaseina mozketa egin behar izan dituzte, sei modalitatetan banatuta.
Zilarrezko Aizkorari dagokionez, Vicente aita-semeak izan dira irabazleak. Haiek 18 minutu eta 11 segundotan egin dituzte 11 mozketak. Beizamako Eneko Otañok eta bere bikotekide Eneko Saralegik, berriz, hamazazpi segundo gehiago behar izan dituzte. Beraz, lehia estua izan da bi bikoteen artean.