Eneko Otaño, abenduan eginiko apustu batean. (N. Uranga)
Eusko Label Txapelketako Urrezko eta Zilarrezko Aizkoren finalak jokatuko dituzte igandean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12:00etatik aurrera. Binakako txapelketak dira biak; beraz, zortzi aizkolari lehiatuko dira, guztira. Urrezko Aizkorari dagokionez, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugerzak jokatuko dute Jon Rekondo eta Ander Erasunen kontra. Atutxa eta Mugerza joan den urteko irabazleak dira, eta Rekondo eta Erasun, berriz, lehen aldiz sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalerako. Bestalde, Zilarrezko Aizkora eskuratzeko lehian ariko dira Daniel Vicente eta Iker Vicente, Eneko Otaño eta Eneko Saralegiren aurka. Eneko Otaño beizamarrak joan den igandean lortu zuen finalerako txartela, sorterrian jokatutako proban.
Urrezko Aizkoraren mailan, hamasei mozketa egin beharko dituzte, sei modalitate desberdinetan. Zilarrezko mailakoek, berriz, 11 mozketako lana izango dute. Beraz, denetik egitea egokituko zaie; enborra zutik edo etzanda jarrita.
Otaño eta Saralegi bikote dira duela hiru urtetatik, eta beizamarraren arabera, «ondo» moldatzen dira biak. Txapelketa prestatzeko norbere erara entrenatu dute, eta astean behin gelditu dira, bien artean koordinatzeko. Beizamakoak, adibidez, egunero-egunero jarduera desberdinak egin ditu: aizkoran, mendian eta ginasioan ibili da.
Neurketari begira, Otañok azaldu du aurkariek «maila ona» dutela, eta azken bi urteetan ere finalera iritsi direnez, irabazteko aukerak izan ditzaketeela Daniel eta Iker Vicentek igandean ere. Hala ere, beraiek ondo prestatu dute proba, eta «lehia estuaren bila» joango dira: «Ahal dugun ondoen egingo ditugu lanak, eta espero dugu saioa berdinduta joatea».
«Sasoi onean»
Joan den urtean denboraldi ona egin zuen Eneko Otaño aizkolariak, eta aurten ere «sasio onean» sentitzen da Beizamakoa. Une hauetan igandeko finala du jomugan, baina urtea amaitzerako beste hiru lehiaketa ditu begiz jota. Banakako Txapelketa jokatuko du udaberrian; eta udan, berriz, Gipuzkoako eta Euskadiko Bigarren Mailako txapelen bila joango da beizamarra.