Joxe Takolo beka martxan da beste urte batez. Beti legez, goi-mendizaletasunarekin lotutako proiektuak aurkez daitezke beka eskuratzeko, martxoaren 31 bitartean, Azpeitiko udaletxeko erregistroan. 2001ean jarri zuten diru-laguntza, Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalearen omenez, eta mendizaletasuna sustatzea du helburu. Beraz, proiektu onena aurkezten duen pertsonari edo taldeari, 3.000 eurorekin lagunduko diote Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak, egitasmoa gara dezan. Apirilaren amaiera aldera emango dute haiek erabakiarekin berri.
Proiektuek goi-mendizaletasunarekin lotura izan behar dute, ideia orijinaletan egon behar dute oinarrituta eta urtebetean egin behar dira, hau da, 2015ak irauten duen bitartean. Proiektua antolatzen edo parte hartzen dutenek Euskal Herriko mendizaleak, mendi elkarteak edota beste era bateko elkarteak edo taldeak izan behar dute.
Erakundeetako ordezkariek eta adituek batzorde teknikoa osatuko dute, aurkezten dituzten proiektuen artean onena edo oinarrietara ondoen moldatzen dena aukeratzeko. Beka ematerakoan kontuan izango dute egitasmoaren kalitatea edota elkarteak bere jarduera-eremuan eginiko ibilbidea. Horrez gain, lanari egingo dioten jarraipena eta haren egonkortasuna ere aipatu dituzte deialdian. Honako ezaugarrei ere garrantzia emango diete, urtero legez: partaide-kopuruari, jardueraren iraupenari, zabalkundeari, finantziazioari, jarduera antolatzeko azpiegiturei eta giza-baliabideei.
Bestalde, deialdian hala ezarrita, kontuan hartuko dute kirol eta gizarte mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programarik edo eskaintzarik ez egotea eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.
Hamabosgarren urtea
Hamalau urteko ibilbidea du dagoeneko Joxe Takolo diru-laguntzak, eta aurtengoa izango da hamabosgarrena. 2006an, 2011an eta 2013an bekak hutsik gelditu baziren ere, gainontzeko urteetan proiektu anitzak lagundu dituzte diruz Udalak, Aldundiak eta mendi-zaletasunarekin lotutako taldeek.