Azken bi urteetan garaipenak doi-doi ihes egin badie ere, aurtengoan Europako Pasodoble Txapelketa irabazi dute Jose Mari Orbegozo azpeitiarrak eta Amaia Gonzalez lasartearrak, zazpigarren aldiz. Joan den astean jokatu zuten Torremolinosen (Malaga, Espainia) XXVI. Europako Dantza Txapelketa, eta bost sari lortu ditu bertan bikote euskaldunak.
Pasodobleko txapelaz gain, Salsa modalitatean zilarrezko domina eskuratu dute. Bestalde, hirugarren sailkatu dira, batetik, Cha-cha-cha modalitatean; eta, bestetik, Vals, tango eta pasodoble nahasiko dantza motan, Espainiako zein Europako lehiaketetan. Jose Mari Orbegozo dantzariaren arabera, «gero eta maila hobea» dago horrelako probetan; eta, horrexegatik, beraiek ere «hobeto» prestatzen dituzte dantzaldiak urtez urte, beste bikoteei «aurre egiteko». Aurtengoan, esate baterako, 45 bikotek hartu dute parte beraien mailan, eta hamasei hautatu dituzte finalerako. Katalanekin eta errusiarrekin izan dute lehiarik estuena, Orbegozoren esanetan; eta espainiarrek ere «oso ondo» egin dituzte beraien lanak.
Prestaketa diziplinatua izan da Azpeitiko eta Lasarteko bikotearen kasuan. 19 urtean elkarrekin dantzan jardun arren, azken hiru hilabeteetan, goizero-goizero gelditu dira Orbegozo eta Gonzalez, 09:30etik 12:30era. Aurtengoan, gainera, jantziei «garrantzia berezia» eman diete, haien maila ere «oso altua» izan delako: «Askotan ikusleak ez dira konturatzen jantzien kalitateaz, baina epaimahaian jostunak egoten dira, eta garrantzitsua da horri ere arreta eskaintzea».
Ikasleei begira
Tangoa eta pasodoblea dira Orbegozoren eta Gonzalezen estilo kutunenak, eta hala erakutsi dute oholtzaren gainean. Hala ere, Azpeitiko dantzariak dio «jarritako guztiarekin» ondo moldatzen direla, eta abilezia hori ere erakutsi dutela Europako Txapelketan: «Oso gustura nago, inoiz ez baikenituen bost sari lortu kolpe batez».
Orbegozok, ordea, ez du buruan Munduko Txapelketa, orain ikasleak baititu gogoan: «Nire ilusioa ikasleek txapelak irabaztea da, hori da orain helburua». Dantzariaren arabera, «lorpen asko» erdietsi ditu, eta une hauetan ikasleen saioetan du jarrita arreta: Kantabriako (Espainia) lehiaketan, Azpeitiko emanaldian, Zumarragako (Gipuzkoa) saioan nahiz Beasainen (Gipuzkoa) egingo duten dantzaldian.