Ingurugiro Etxea museoaren 25. urteurrenean. (Artxiboko irudia, Nerea Uranga)
Ingurugiro Museoa Azpeitiko Udalak kudeatuko du hurrengo hiru urteetan. Beraz, 2015ean, 2016an eta 2017an, behintzat, udalerriko erakundearen esku egongo da haren gidaritza. Izan ere, azken udalbatzarrean onartu zuten aho batez Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmena luzatzea. Horretarako, Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Udalari urtero; hots, hiru urtean, 360.000 euro jasoko ditu.
Horrez gain, hitzarmenean jaso ez badute ere, Eusko Jaurlaritzak museoko atariko haur-parkea berritzeko konpromisoa hartu du. 2015ean egingo dituzte lan horiek. Izarraitzen oinarritutako parke naturala islatu nahi dute, eta saguzarra jarriko diote, irudi erreferente gisa. 1988an ireki zuten Ingurugiro museoa, eta 300.000 bisitari jaso ditu urte horietan guztietan.