Giza eskubideen urraketen 97 biktima zenbatu dituzte Azpeitian, 1960 eta 2014 urteen artean

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko otsailaren 25a

Aranzadi Zientzia elkarteko Paco Etxeberriak eta Carlos Martin Beristainek egin dute azterketa "muga ideologikorik gabe". Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak autokritika egin du, eta aurrera begira biktimak babesteko "indarrak biderkatuko" dituztela esan du.

Prentsaurrekoko irudia: Agirre, Buces eta Etxeberria. (E. Albizu Lizaso) Giza eskubideen urraketen 97 biktima eta 150 eraso zenbatu dituzte Azpeitian, Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristain ikerlariek, 1960 eta 2014 urteen artean. Horretarako, aurrez argitaratutako datuak bildu, aztertu eta ebaluatu dituzte; hala nola, prentsako artikuluak, liburuak, epaitegietako aktak edo poliziaren txostenak. Horrez gain, dozenaka lekukorekin zuzeneko harremana izan dute, eta haiekin zenbait grabazio egin dituzte. Javi Buces Aranzadiko historialaria arduratu da herritarrekin egoteaz. "Metodologia zientifikoa" erabili dute ikerlariek, Juantxo Agirre Aranzadiko idazkariaren arabera. "Txosten honek ez du interpretaziorik, datu guztiak zehaztak dira, zintzoak, eta berdin balio dute Ezker Abertzaleko edo PSE-EEko kideentzat", esan du Agirrek. "Lan hau aitzindaria da Euskal Herrian; izan ere, ez da horrelako ikerketa zehatzik egin orain artean", gehitu du. Bi zati ditu eginiko lanak: batetik datu basea sortu dute; eta, bestetik, publiko egingo duten txostena. Honakoak dira ikerketa horretako datu nabarmenenak: Giza eskubideen urraketen 97 biktima zenbatu dituzte eta 150 kasu, guztira. Bizitza eskubidearen aurkako erasoak, hau da, hildakoak: 11, guztira. hamar atentatuetan; eta bat, heriotza zigor bidez. Horrez gain, Pasaiako sarraskiko beste bi biktimak aipatu ditu Javi Buces Aranzadiko kideak, nahiz eta bi pertsona horiek ez dituzten gehitu txostenean. Izan ere, datu ofiziaren arabera, Pasaiako sarraskia aurrez aurreko borroka izan zen, eta ezin izan dute gertatutakoa ikerketako markoan txertatu. Osotasun psikiko, fisiko eta moralaren aurkako erasoak, hots, torturak edo bahiketak, besteak beste: 83 kasu eta 58 biktima. Horien artean, bi bahiketa. Mehatxuak: Hamasei kasu eta hamar biktima. Estortsio ekonomikoa: bost kasu eta bost pertsona. Ondasun materialen aurkako erasoa: sei pertsona eta sei kasu. Erbesteratzea: zazpi pertsona eta zortzi kasu. Frankismoko TOP epaitegian epaituak: hamar pertsona eta hamaika kasu. Dispertsioa: sei pertsona eta sei kasu. Adierazpen askatasunaren aurka: bi pertsona, Egunkaria auzikoak. Zaurituak: hiru pertsona. Heriotza zigorra eskatu zietenak, nahiz eta gero deusteztu: pertsona bat. "Badakigu Espainiako Estatuan, adibidez, dispertsioa ez dela delitua, baina Giza Eskubideen Erakundeak aitortzen du delitu gisa, eta Ukranian eta Errusian dagoeneko horrelako kasuak delitutzat jo dituzte, beraz, horrek aukera eman digu pertsona horiek txostenean sartzeko", nabarmendu du Bucesek. Udalaren irakurketa Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eskerrak eman dizkie Aranzadiko kideei; eta, batik bat, ikerketan parte hartzeko adorea izan duten herritarrei: "Badakigu ez dela erraza eskubideen urraketez hitz egitea, 1960 eta 2014 arteko tarte hori oso gertukoa baita". Bestalde, nabarmendu du, ziurrenik, txostenean jasotako guztia ez dela "denen gustukoa" izango. "Hala ere, egia jasotzeko lana egin dugu, eta Azpeitiko Udalak bazuen horretarako beharra. Betebehar hori egiteko esku oso onetan jarri gara, konfiantza osoa dut Aranzadiko kideengan, eta badakit, zientifikoki eta teknikoki, lan ezin hobea egin dutela". Etxeberriaren arabera, lana publiko egingo dute, datorren aste ingururako. Haren ustez "garrantzitsua" da ikerketa herritarren esku egotea eta zabalik edukitzea, hemendik aurrera gertatzen diren urraketak ere jasotzen joan daitezen: "Bizirik dagoen dokumentua izan behar du". Horrez gain, alkateak "legea erabailiz egin diren urraketak" izan ditu mintzagai. Urraketa horiek ez dituzte txostenean jaso, legearen markoak ez duelako aukera hori ematen, hala nola, itxierak edo ilegalizazioak dira horiek. "Gustatu edo ez gustatu hau da gure herriaren, Azpeitiaren, historia", gehitu du. Egi hori adierazi ondoren, "pauso bat gehiago" ematea tokatzen zaiola esan du Etxeberriak: "Egiaren ondoren justiziaren sekuentzia dator. Ikerketa hau aitorpen bat da, bertan agertzen diren biktima guztiek dute nire aintzatespena. Jazo denak ez luke inoiz gertatu behar, baina gertatu egin da, eta hori ezin dugu aldatu". Etxeberriak esan duenez, "denak dira biktimak", eta berari kostatu egiten zaio "biktimak sailkatzea". Haren hitzetan, "biolentzia ez da ongietorria Azpeitian, eta gizartearen aurkako jarrera" da. Beraz, biktima guztien sufrimendua aitortu du Etxeberriak: "Inori ezer eskatu aurretik, norberak bere buruari exijitu behar diola uste dut. Hori dela-eta, nik, Azpeitiko alkate bezala, aitortzen dut sufritu duten biktimengatik, ziurrenik, ez dudala nahikoa egin. Ziurrenik ez dut dagokidan maila ematen jakin; eta, ondorioz, beraien burua babestu gabe sentitzen duten biktimen aurrean esan nahi dut gure indarrak biderkatuko ditugula aurrera egiteko, eta pertsonalki saiatuko naizela horretan". Haren hitzetan, "iragana ezin da aldatu, baina etorkizuna bai", eta hori "denen ardura da": "Aurrera egiteko, atzera begiratu behar dugu, espiritu kritikoarekin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide