Eragile ugari bildu dira Emakumeen Egunaren harira (E. Albizu Lizaso)
Emakumeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko eguneko ekitaldia aurkeztu dute Azpeitiko hainbat eragileek. Martxoaren 8aren harira, ekitaldi-sorta antolatu dute Azpeitian,
Bagoaz Azpeitia feministara! lelopean. Honako eragileek antolatu dituzte eta bat egin dute ekitaldiekin: Bilgune Feministak, Azpeitiko Emakume Mahaiak, Gaztetxeak, Natul euskara taldeak, Ernaik, Ta3 Zineklubak, Baigerak, Sanagustin kulturguneak, Elkar-ekinek, Udaleko Gazteria sailak, Orkatz Kultur Elkarteak eta EH Bilduk. Jaia aldarrikapenerako aitzakiatzat hartuta, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Honako irakurketa egin dute martxoaren 8aren harira lanean jardun duten emakumeek:
"Bagoaz Azpeitiko eragile anitzetako emakumeak aurtengo martxoaren 8a, Emakumeen Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna, aldarrikapenez bete eta elkarrekin ospatzeko. Bagoaz jendarte eredu berri bat eraikitzera, bakoitza lanean eta borrokan gabiltzan eremutik. Gure aldarrikapena ez baita emakumeon eskubide lorpenera mugatzen, Azpeitia balore feministetan oinarritutako herri bat izatea nahi dugu; indarkeria matxistarik gabekoa, hezkidetzailea, zaintza eta bizitza erdigunean dituen eredu soziekonomikoan oinarritzen dena, aniztasun funtzionala duten pertsonez osatua, euskalduna, kultura kritikorako eta eraldaketa sozialera irekita egongo dena, jatorri desberdinetako herritarrez osatua eta ingurumenarekin konprometitua.
Hau guztia ez da egun batetik bestera lortuko, jendarte osoaren inplikazioa beharrezkoa izango da. Are gehiago, jendartean bizitzen ari garen balore tradizionaletarako inboluzioa kontuan hartzen badugu. Boterea krisi sistemikoaz baliatzen dabil emakumeoi gure rolaren arabera atxiki zaizkigun betebeharrak inposatzeko. Erasoaldi gogorrak jasaten ari gara; esaterako, Abortu Legearen aldaketak, LOMCEren inposizioa, TTIP akordioa… Milaka arrazoi ditugu hau guztia ez dugula ez Azpeitian ezta Euskal Herrian ere nahi esateko".
Egitaraua
Atzo, otsailak 24,
Izan zaitezke feminista euskalzale izan gabe? mahai-inguruarekin hasi zen jaia. Martxoaren 2tik 9ra izango du jarraipena:
- Martxoak 2, astelehena, 19:00etan: Emakumeen Txokoan, kafe tertulia:Emakume Kurduen borroka, bertan ibili den Ainhoa Alberdirekin.
- Martxoak 6, ostirala, 15:00etatik 17:00etara: Gaztelekuan, helduentzat tailerra: Berdintasunean Jolastu. Oihana Etxebarrietaren eskutik. Ondoren, kontzertuak izango dira Orkatz Kultur Elkartean.
- Martxoak 7tik 9ra (zapatua, igandea eta astelehena): Soreasun, zinea: Dos dias, una noche.
- Martxoak 7, zapatua:
- 11:30etik 13:30era, Emakumeen Txokoan, irrintzi tailerra.
- 14:00etan, bazkaria Sanagustin kulturgunean. Prezioa: enplegudunak 18 euro, besteak 14 euro. Txartelak salgai Emakumeen Txokoan, Sanagustinen, Gazte Informazio Bulegoan.
- 18:30ean, plazatik abiatuta, kalejira.
- 20:00etan, udaletxeko arkupean, luntxa. Jarraian, Eme Sapiens ikuskizuna.
- Ordu txikitan, Txarrantxan, DJ Fina y Segura.
- Martxoak 8, igandea:
- 11:00etan anbulatorioko paradan, autobusez Donostiara joateko. Han izango da Gipuzkoako manifestazioa.
- 19:00etan, Sanagustinen, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. Bertsolariak: Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Alaia Martin eta Onintza Enbeita. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Musikariak: Ixak Arruti eta Eneko Sierra. (Sarrerak Sangustinen eta Emakumeen Txokoan salgai. Aurrez 6 euro, bertan 8 euro.